Hitzarmenaren helburua arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzea da, lan horretan ari diren establezimenduen eta entitateen ahalegina aitortzea eta haiekin elkarlanean aritzea, erreferente berriak sortuz eta sare-lana bultzatuz. 2014ko azaroaren 30era arte luzatuko da lankidetza hau.
Horretarako, Udalak 21.000 euro inbertitu ditu. Ziurtagiriaren Elkarteak, berriz, honako konpromiso hauek hartu ditu: komunikazio eta sustapen lana egitea; euskarak arlo sozio-ekonomikoan duen balioa azpimarratzea; eraginkortasunari begira, eragile interesgarriak identifikatzea eta haiei zuzentzea; kontuan hartzea Udalak babesten dituen ekimenen antolaketan aritzen diren enpresak eta entitateak; Ziurtagiria eskuratzeko interesa duten entitateei euren hizkuntza-egoeraren azterketa egitea–horretarako teknikari bat kontratatuko du; eta azkenik, egitasmoan parte hartzen duten entitateen erregistroa osatzea.
Hitzarmena, bereziki, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorera bideratuko dela jakinarazi dute. Era berean, emandako informazioaren arabera, hitzarmenean jasotzen da Gasteizen Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen duten saltoki, taberna, jatetxe eta abarrek urteko kuotaren % 50eko beherapena jasoko dutela.
Aipatu sektoreez gain, Ziurtagiriaren Elkarteak Gasteizko Udala antolatzaile/laguntzaile gisa agertzen den ekitaldietan euskararen presentzia areagotzeko betebeharra izango du. Besteak beste, hizkuntza paisaian, aurkezpenetan, prentsaurrekotan, eta abarretan euskararen presentzia indartzea bilatzen du hitzarmenak.
Hitzarmen ekitaldian emandako datuen arabera, egun Gasteizen 39 saltokik, enpresek eta elkartek eskuratu dute Ziurtagiria. Horien artean bederatzik“Zerbitzua Euskaraz” maila dute eta gainontzeko hogeita hamaikak “Bidean” maila.
Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren esanetan, “hitzarmena tresna baliagarria da Gasteizko alor sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko. Gasteizko establezimenduetan, bezeroei, kontsumo-harremanak euskaraz izateko aukerak handitu behar zaizkie".
Azken datuen arabera, gasteiztarren % 15,5 elebidunak dira; eta kopurua izugarri handitzen da 5 eta 30 urte arteko biztanleen artean, % 50 gaindituz. Gutiérrezen hitzetan, “etorkizuna euskaraz dator, eta guzti horiei euskara erabiltzeko aukera eman behar zaie. Hitzarmen honek eragina izango duelakoan nago, euskarari espazio berriak zabalduko baitizkio".
Gasteizko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute.