Enplegurako prestakuntzarako 33 ikastaro berri eskainiko ditu udalak

hirinet 2014ko ots. 28a, 11:31

Martxoaren 3an, astelehenean, enplegurako prestakuntzarako 33 ikastaro berrietan izena emateko epea irekiko du Gasteizko udalak.

 

Guztira 495 leku izango dira, martxotik ekainera bitartean hasiko diren ikastaro ezberdinetan. Izan ere, bost jarduera sektoretakoa izango dira ikastaro hauek: enplegu berdea eta iraunkortasuna, berrikuntza eta garapena, birgaitzea eta eraikuntza iraunkorra, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, pertsona, komunitate nahiz enpresentzako zerbitzuak eta industria eta automozioa.

 

Enplegu eta Prestakuntza zinegotzi Ainhoa Domaicak esan bezala,  “prestakuntza eskaintza berri honeklangabezian dauden pertsonen lanbide gaitasuna hobetzea du xede, enplegua aurkitzeko aukera gehiago izan dezaten. Gasteizko industria sektorearekin adostuta dago eta Udala hirian goraka doazen sektoretako 51 enpresarekin jarri da harremanetan prestatzeko. Une honetan hirian lanpostu bat aurkitzeko aukera gehien duten merkatu alorretara bideratzen dira ikastaroak”.

 

Izena emateko epea eta hartzaileak

Martxoaren 3an, asteleheneean, irekiko da izena emateko epea, eta leku hauetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak: herritarrei laguntzeko bulegoetan, IKTIn (Castro Urdiales kalea, 10), Ignacio Ellacuría ikastegian (Castro Urdiales kalea, 12), Prestakuntza eta Ekonomi Sustapenerako Zerbitzuan (Frai Zacarias Martinez kalea, 3) eta Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan (Espainia plaza, 1). Orobat eskatu ahal izango dira argibideak leku horietan guztietan, baita 010 telefonoan ere.

 

Prestakuntza proposamen berri honek lau hartzaile talde lehenetsi ditu, izan ere horiekin ahalegin handiagoa egin nahi duela adierazi du zinegotziak: bi urte baino gutxiago lanik gabe daramaten gazte langabeak, lanbide prestakuntza eta esperientziarik gabeak; 40 urtetik gorako langabeak, prestakuntzarik gabeak, nagusiki eraikuntza sektorean arituak; nahikoa prestakuntza-oinarri izan arren lanbide-egokitzapena edo birziklapena behar duten langabeak, eta, azkenik, langabezian denbora luzea —bi urte baino gehiago— daramaten pertsonak, lan mundutik apartatuta geratzetik gertu daudenak. Lanik gabe eta Lanbiden izena emanda dauden pertsonek lehentasuna izango dute.

 

Informazio gehiago: Vitoria-Gasteizko Udala: Enplegurako prestakuntzarako ikastaroak

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide