Gerra zibilaren garaia, adibidez, latza eta beldurgarria izan zen, frankismoaren errepresio gordinarekin. Baina hiria izugarri eraldatua zegoen 60 hamarkadaz geroztik, industrializazio berantiarrarekin. Martxoaren 3ak langileen kontzientzian eta hiriaren auto-irudian aldaketa unea ezartzen du: egun horietan egositako esperientziek, borrokek eta errepresioak gasteiztar askoren gogoa behin betiko markatu zuten. Geroago etorri diren gauza askok horren eragina badute.
Bigarren eMea: MEMORIA
Martxoaren 3ko hilketa hauek ez ditugu ahazten eta urteroko oroitzapena bihurtu zaizkigu. Aurten, Argentinatik eramaten ari den epaitegi-prozedurarekin, 38 urte geroago justizia egiteko aukera zabalik dago oraindik. Boteretik burututako krimen hauek, frankismoko beste askok bezala, argi uzten dute, beren zigor-gabetasunean, zeintzuk diren demokrazia honen mugak eta gabezia latzak eta zein desberdina den justizia batzuentzat eta besteentzat. Horregatik ere, memoria bizirik mantentzea salaketa etengabea izan da urte hauetan guztietan.
Hirugarren eMea: MINA
Udaberri aurretiko mina, odola, horixe datorkit burura 1976ko martxoaren 3az pentsatzean. Gasteizko neguaren minean eurrez isuri zen odola Gasteizko kaleetan. Berez, Gasteizen negua luze egiten da, eta biziki eskertzen dira udaberriaren lehen epel goxoak. Martxoaren 3a negu latza da, minaren data, baina udaberria datorrelako esperantzari lotzen gatzaizkio. Izan ere, martxoaren 3an udaberria gogora ekartzea itxaropenaren aldarria da: gaur egun, gainera, besteetan baino beharrezkoa zaigu gogoeta hau, garai beltz-beltzak baitira hauek langile jendearentzat. Eta etsita, irabazita, ikusi nahi gaituzte injustizian aberasten diren horiek, lehen eta gaur. Esperantzarik ez galtzea gure lehen garaipena izan daiteke; minean esperantza hori mantentzea ez baita ihes egiteko modu bat, gauden unean argiago eta kementsuago ekiteko bidea baizik.
Egilea: Josean Bueno Saez de Albeniz
Lehen eMea: MUGARRIA