Izan ere, ez da txikitatik korrespontsala izatearekin amesten zuen horietakoa, "ez nator bat kontzepzio erromantiko horrekin". Geroztik, hiru urte eman ditu Beijingen bizitzen eta inguruan gertatzen denaz informatzen. 29 urteko gazte honek munduko beste puntan egiten duen lana eta eguneroko bizitza ezagutu nahi izan dugu eta Hodeik gustura egin digu tartetxoa bere agendan.
Nola amaitzen du gasteiztar batek Txinan korrespontsal bezala lan egiten?
Kasualitatez. Bilboko erredakzioan, albistegietan, lanean ari nintzela Beijinera joateko aukera zegoela esan zidaten. Ez nuen gehiegi pentsatu, aurretik ere atzerrian probatzearen ideiarekin nenbilelako. Eskaini, baietz esan, billetea erosi eta konturatu orduko Beijingen nengoen. Oso pozik nago hartutako erabakiarekin, oso esperientzia pertsonal eta profesional ona izan da orain arte.
Korrespontsala izatearena, kasualitate hutsa izan da eta txikitatik amesten zenuen?
Ez, inoiz ez dut horrelako fijaziorik izan. Behin, 5 urte nituela, gurasoei esan nien 'aita-ama handitan korrespontsal izan nahi dut". Hori kontatu ahal izatea oso erromantiko geratzen da. Baina nire kasuan ez da egia. Kazetaritzaren kontzepzio erromantiko horrekin, barru-barrutik datorren bokaziozko lanbidearen ideiarekin, ez nator bat. Kazetaritza egiten, dastatzen, sufritzen eta gozatzen hasi arte nik ez nuen kazetaritza zer zen jakin. Kasu gehienetan hala dela sinetsita nago.
Zergatik Txina?
Hona etorri aurretik, lehen azaldu dudanez, erdi-kasualitatez. Aukera sortu zelako. Orain galdetu ezkero, zergatik Txina? Albistearen fokoa hona ari delako mugitzen aspaldi. Lehen Txina guretzat bitxikeria besterik ez zelako. Gero bitxikeriak eta giza eskubideak. Orain bitxikeriak, giza eskubideak eta ekonomia. Laster ekonomia gehiago, eta kultura eta ingurumena eta berrikuntzak eta gizarte mugimenduak eta... Konturatu orduko gauza asko izango dira Txina eta Asia gu denontzat. Ez dago hori kontatu nahi ez duen kazetaririk, ezta?
Eta Txinara izango ez balitz zein beste toki aukeratuko zenukeen lan egiteko? Zergatik?
Gasteiz, Bilbo, Rio, New York... proiektu egokia sortuz gero ia edozein leku.
Zein da zure lanaren alderdirik gogorrena?
Batetik lan egoerari loturik dauden arrazoiak daude. Hilabete amaieran soldata bat izateko beti albiste bila ibili beharraz ari naiz. Nekagarria izan daiteke batzuetan, argi utziz hori bai, EITBk ematen didan babesa guztiz ez ohikoa dela freelance gaizki ordainduaren garai honetan.
Bestetik, zure elkarrizketatuen ama-hizkuntza ez menperatzearen, atzerriko hedabideok lanerako zenbait traba izatearen, ordutegi aldaketaren, etab.en desabantailak daude. Baina zorionez gauza horiek guztiak ez dira lan honen alderdi positiboen erdira heltzen.
Izan ere, hasieran behintzat hizkuntzarekin arazoak izango zenituela pentsatzen dut…
Hasieran eta amaieran. Eguneroko elkarrizketa oso oso sinpleak izateko adina maila besterik ez dut lortu mandarinez. Lanerako itzultzailea dut beti alboan.
Nola moldatu zara ekialdeko kulturara?
Hasieran dena da deigarria. Ekialdeko kultura baino, han Txinatarren kultura gurearen oso bestelako dela konturatzen zara. Jatekoa, ordutegiak, aisialdia, politikoki zuzena zer den eta zer ez. Kaletik ozen eta nabarmen ttu egitearena oso topikoa baina oso deigarria da hasieran.
Gero sakonduz zoaz eta beste mila gauza dagoela ulertzen duzu. Bob Dylan nor den ez dakiten lagunak ditut. Espainia edo Europako herrialde gehienak non dauden ez dakitenak gehiengoak dira. Zer dakigu guk Txinako geografiaz? Zer bertako kulturaz? Deus ez. Globalizazioaren garaian bata bestearekiko guztiz isolaturik bizi diren munduko ikuspegi biz ari gara. Itzela da hori.
Nolakoa izaten da zure egun normal bat?
Esnatu, etxetik eguneko albisteak jarraitu. Irratia tokatuz gero irratia. Telebistarako erreportajeren bat eskuartean dugunean elkarrizketa grabatzera joan; hala ez denean rokodromora noa edo erosketak egiteko aprobetxatzen dut. Gero bazkaldu eta orduan, bulegoan jada, Bilboko erredakzioarekin harremanetan jarri eguneko albisteren bat nahi duten adosteko. Lanik ez dagoenean etxera noa eta, bestela, korrika eta presaka Euskal Herriko eguerdirako bideoa prestatzera.
Egun libreetan, berriz, zer egitea gustatzen zaizu?
Etxean lasai egotea asko atsegin dut, liburu bat, film on bat... Komiki zalea ere banaiz... Eta etxetik kanpo kirola egiteko aitzakiaren baten bila nabil beti: Beijing inguruko mendietara txangoak, Harresi Handiko zati berritugabeetan ibilaldiak, noizean behin eskia eta azkenaldian rokodromora joateko zaletasuna piztu zait, baina hasi berria besterik ez naiz oraindik.
Zailtasunak edo trabak topatzen dituzu informazio lortzeko eta ematerako orduan? Erraza al da bertan zure lana gauzatzea?
Iturri ofizialetara, gobernuko funtzionario eta antzekoetara, sarbidea izatea oso ez ohikoa da. Gairik inuzenteena izanda ere. Hortxe muga nabarmen bat dago. Gero zenbait gai jorratzean - Txinako aniztasun nazionala, giza eskubideak, aktibisten epaiketak, Tiananmengo sarraskian hildakoak - ez dago lana askatasunez egiterik. Azken urtean atzerriko kazetarioi bisadoa ez berritzearekin mehatxu kanpaina hasi du gobernuak. Hainbat kazetarik alde egin behar izan du horregatik. Hala ere argi utzi behar da gauza bat, okerren daudenak kazetari txinatarrak eta gurekin lan egiten duten itzultzaileak dira. Benetako presioa eurek jasaten dute. Txinan ez dago prentsa askatasunik, baina nik nire lanaren %90 arazorik gabe egin dezaket.
Gauza askori uko egin behar izan dizkiozu bertara joateko?
Gurasoei, Gasteizko lagunei, ogi goxoa eskuragarri izateari, eta kutsatu gabeko zeruei gero arte esan behar izan diet. Baina gero arte bat besterik ez dela argi dut. Itzultzen naizenean hantxe izango ditut, betiko lekuan.
Gaur egun jende asko ari da atzerrira joaten lan edo ikasketa kontuengatik, zer aholku emango zenuke honen inguruan?
Oso kontu minbera da hori. Bakoitzaren araberakoa. Ni ez nintzen egoerak behartuta joan eta hasiera-hasieratik bide gogor bezain atsegin bati ekin behar niola sentitu nuen. Gogoz kontra, krisiak bultzatuta, alde egiten duenak oso bestelako egoera biziko du seguruenik. Aholkuak ematera ausartu gabe, inguruan duten errealitate berria ezagutu eta gozatu dezatela, ulertzen edo etxekoarekin alderatzen saiatu gabe. Ahal dela, gauzak patxadaz hartu eta bizi esperientzia berria aprobetxatu.
Zein izango da zure hurrengo jomuga?
Auskalo... agian ogi goxoa eta zeru urdinak gertuago izan?