25 urte luze joan dira neurri hori ezarri zigutenetik; ez da bide makala izan, ez soilik astebururo istripuz josiriko errepide arriskutsuetan barna gabiltzalako, gaixotasun larriak, isolamendua, bisita ukatuak... ere ekarri dizkigun bidea delako baizik. Twitterreko #resultadosdeladispersion hastag-ean konpartitu ditugu gogoeta asko, amodioa eta gorrotoa aurrez aurre, emozio gazi-gozoak pil-pilean. Baina bada garaia mende herena itxi eta behin betiko atzean uztekoa.
Aurrera begira jarri eta erronka argi bat dakusat, heldu da euskal preso eta iheslariak etxera ekartzeko unea. Hala exijitzen dut ostiralero 20:00tan Gasteizko Andra Mari Zuriaren enparantzan, haien itzulera aldarrikatzen duen ikur bat eskutan dudala. Ez litzake ekimen garrantzitsu bat izango nik bakarrik egingo banu, baina hamaika gara ostiralero-ostiralero bertaratzen garenak; bakoitza bere arrazoiak gidatuta bertaratuta. Gutako bakoitza gara beharrezko aldarri horiei eusteko; itsasoratzen diren ibaiak bezain anitzak gara, eta bertan egiten dugu bat; hori da hain zuzen ere berezi bezain indartsu egiten gaituena, helburu komun baten alde bat eginez jokatzen dugula.
Han zutik nagoen bitartean askotan gogoeta egin ohi dut: zer pentsatuko ote du inguruko tabernetan guri so poteatzen ari den jendeak, zentroan erosketak egiten ari eta gure ondotik pasatzen denak, paseo bat ematera atera eta gurekin gurutzatu denak? Ba ote dute egiten ari garenaren berri? Ez ote dute beraiek ere gure alboan egoteko arrazoirik? Elkartasunak ekar litzake, eskubideen urraketekiko ezadostasunak, bidegabekeriarekiko aurkakotasunak, gatazka amaitzeko desioak... Izan ere, dagoeneko ostiralero topatzen garen guztiok ezagutzen dugu jada elkar, eta bada garaia parte-hartzea areagotu dadin.
Gure lagunartea, lankideak, mugitzen garen eremu ezberdinetako ezagunak... ostiralero inplika daitezen lortzen saiatu behar gara, haiek mobilizazioetara ekarriz are indartsuago izanen baikara, geldiezinak, gaitasun handia izan baitezakegu besteek zer egingo zain geratu gabe ere. Beraz, ekin diezaiogun sakabanaketaren aurkako bideari, baina aurkako zentzuan orain: konponbiderako motorra martxan jarri eta Puerto, Lannemenzan, Villavona... aldera abiatu izan denari bidai luze horren finean bilatzen duen hori Algeciras, Castellon, Fleury edo Liancourt-etik etxera ekar diezaioten arte.
Urratsak eman behar direla uste dugunok, konponbidean aurrera egin nahi dugunok, espetxe politikaren salbuespen egoerekin amaitzea nahi dugunok, hamaika arrazoi ditugu ostiraletako elkarretaratzean egoteko. Oso konpromiso txikia da aldatu nahi dugun errealitatearen gordinarekin alderatuz gero, eta beraz, berebizikoa da norberak bere ingurua zipriztindu eta jende berria ekartzea. Honegatik guztiagatik NI BANOA diot, eta nire ingurua ere joan dadin saiatzeko konpromisoa hartzen dut. Beraz, ostiralero ikusiko dugu elkar!!
Egilea: Ni banoa ekimena
Nork esango!! 2014ean dagoeneko, eta oraindik ere sakabanaketak badirau.