Iñaki Izquierdo argazkilariaren "Pastarrak XXI. mendea" erakusketa ikusgai Amarika aretoan

hirinet 2014ko otsailaren 25a

Apirilaren 6ra arte Espainian oraindik dirauen fenomeno soziologikorik eta etnografikorik bitxienetako bat iruditan ikusteko aukera izango dugu, pastarrak hain zuzen ere, "Pastarrak XXI. mendea" izeneko erakusketan, Amarika aretoan.

 

Iñaki Izquierdo argazkilari sestaoarrak aurkeztutako lan honetan 2008. eta 2010. urteen artean ateratako argazkiak ikusteko aukera dago eta Paseko bizimodua nolakoa den ezagutzeko aukera ematen dute, argazki naturalak eta sinesgarriak baitira. Kantabriako Gobernuko Abeltzaintza Kontseilaritzaren mandatuz egina, lan hau kultura ondare ez-materialaren konbentzioaren 10. urteurrena ospatzeko jardueren artean sartu zuen UNESCOk, 2013an.

 

Pastarren jatorria ezezaguna da. Batzuek esaten duten judutarrak zirela, beste batzuek arabiarrak, edo Errekonkista garaian Kantabriako eta Burgoseko mendietan gelditu zen suitzar talde bat, zeinak orografia zailera egokitu ziren eta gaurdaino oso isolaturik jarraitzen duten.

 

Kantabrian, haien lurrak Paseko hiru herribilduetan daude: San Roque de Río Mieran, Vega de Pasen eta San Pedro del Romeralen; Selaya, Soba, Ruesga eta Luena udalerrietako hainbat auzotan; eta Burgosen, Salcedillo eta Lunada guneetan, Espinosa de Los Monterosen.

 

Esan liteke Paseko bizimodua XVI. mendean hasi zela, modu ia iraultzailean, Oñako monasterioaren eta jaunen eskubideei aurre egiteko, izan ere, haiek artalde handiak zituzten eta abeltzaintza estentsiboa egiten zuten, beraien eskubideak lur eremu handietan erabiliz. Hori horrela, artzain xumeak beraien aziendarentzako itxiturak egiten hasi ziren, jabe boteretsuen kereilen aurrean defendatu behar izan zituztenak. Une hartan, larreen aprobetxamendu intentsiboari ekin zioten eta paisaian esku hartu zuten; belardiak agertzen hasi ziren, harrizko harresi eta etxola eta guzti.

 

Orografia bortitzak isolaturik utzi ditu gaurdaino eta makinak sartzea galarazi du. Horregatik, oinarrizko lanabesekin lan egiten jarraitzen dute: dailua, belarra mozteko; bihurra (hurritzaren haga), belarra buru gainean eramateko; zaldia, ongarria kaxen bidez zabaltzeko; lepo otarrea, eskuarea... Pastarren fisionomia ere oso ezberdina da Kantauri Itsasoko ertzeko gainerako biztanleenarekin alderatzen badugu: oso deigarria da pastar ia gehienek begi urdinak izatea.

 

Transhumanteak dira, behiak larrez larre eramaten dituzte urteko sasoi guztietan belarra aprobetxatzeko; udaberrian, belarra etxoletan gordetzen dute gero, neguan, behiak elikatzeko.

Desagertzear dagoen bizimodua da, egungo gizartean, errentagarritasunari begira, sistema ekonomiko pentsaezina baitu.

 

Iñaki Izquierdo Sestaon jaio zen 1965ean, eta Garage Lux taldearen fundatzailetako bat da. Dokumentalista izanik, argazkiak erabiltzen ditu beraren eta besteren esperientziak behatzeko eta bizitzeko. Eszenan "ez esku hartzea"ren printzipioa erabiltzen du, hartara bere argazkiak begien aurrean duenaren lekuko dira.

 

 

Non? Amarika aretoan

Noiz? Otsailaren 20tik apirilaren 6ra

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago