Urko Aristi kazetariak hartu du Mikel Irizarren lekukoa TOKIKOMen presidente karguan

hirinet 2014ko otsailaren 24a

TOKIKOM, toki komunikabideen bateraguneak (Hirinet bazkidea da) Batzar Nagusia egin du asteburuan. Bertan, toki komunikabideek duela bi urte elkartea sortu zutenetik egindako bidea errepasatu ondoren, egitasmoa sendotzea erabaki dute.

 

Mikel Irizar Tokikomeko presidenteak gogorarazi duenez, “TOKIKOM eratu genuenean, bi urteko epea eman genion egitasmoak etorkizunik ba ote zuen jakiteko. Egindako bideari erreparatuta, argi daukagu TOKIKOMek hartu dituela tokia eta funtzioa”. TOKIKOMen sorrerako hiru helburu nagusiak, eta haietan egindako lanak ekarri ditu gogora gaur arte presidentea izan denak:

 

Esparru komunen kudeaketa: TOKIKOMek urrats onak egin ditu alor honetan. Nabarmenena, tokiko agerkari digitalak sortzeko garatu duen plataforma –CodeSyntaxek egina-  azken urtean bost agerkaritarako erabili dena: ataria.info, guaixe.net, goiena.net, anboto.org eta datorren astean aurkeztuko den uriola.info. Elkarteak hutsune nabarmenak ditu oraindik kudeaketa komertzial bateratuari dagokionez, eta bide horretan berrikuntza lantzeko ildoak daude onartu den Kudeaketa Planean.

 

Solaskidetza bateratua: TOKIKOMek tokiko hedabideen ordezkari gisa jardun du erakunde publiko eta pribatuen aurrean, baita sektoreko beste eragileen aurrean ere. Besteak beste, parte hartze oso aktiboa izan du HEKIMEN elkartearen sorreran eta lehen txanpan, eta erakundeekin lankidetza egonkortzeko bideak jorratzen ari da TOKIKOM.

 

Garapen eta integrazio posibleen diseinua:gogoetaren aldetik ere TOKIKOMek aurrerapausu handiak egin ditu. Nabarmenena, 2013ko azaroan aurkeztu zuen “Euskal hedabideen etxea” gogoeta, sektore osorako tresna gisa pentsatu dena, eta ondorio ezin interesgarriagoak jasotzen dituena.

 

 

Fase berria

Egindakoa oinarri eta eskarmentu, TOKIKOMen hasierako egitasmoa zehaztea onartu da batzarrean. Abioko fasea gaindituta, erakundearen garapen ildoak eta negozio eredua definituko dira, eta egindako gogoeta ekarriko da epe ertaineko plan batera. 2014 beraz, TOKIKOM sendotzeko urtea izango da.

 

Fase berri honi begira, TOKIKOMek aldaketak egingo ditu bere organo nagusietan. Presidentetza Urko Aristiren esku utzi du Mikel Irizarrek, eta Administrazio Kontseilua handitu egin du, 8 lagunetik 12ra, organoaren errepresentatibitatea eta bazkideekiko komunikazioa hobetu asmoz.

 

TOKIKOM plataforma, hedatze fasean

2014an jarraitu egingo du TOKIKOM plataformaren hedapenak, bi helbururekin: toki komunikabideen bateratzea eta eraginkortasuna areagotzea, alde batetik, eta bestetik herritarrak eta gizarte erakundeak aktibatzea informazioaren sortzaile ere izan aurreikuspena da beste bospasei zonaldetan agerkariak abiatzea.

 

TOKIKOM SL 2012an sortu zuten 20 toki komunikabidek, eta gaur egun Euskal Herri osoko 27 eragilek osatzen dute. Guztien artean, formatu eta euskarri guztietako 47 komunikabideko sarea osatzen dute. Horien artean, Hirinet Gasteizko euskaldunon ataria aurkitzen da.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago