Behiala, aita gureak esan zigun kontuz ibiltzeko: badela, nonbait, munstro bat, “genero-indarkeria egiturazko bat”, emakumeak abortatzera behartzen dituena.
Orain, berriz, genero-indarkeria termino izugarria ezabatu nahi du Zigor Kodetik, gauero lotarako kontatzen digun ipuin horretatik. Izan ere, ikusten ez diren munstroak ez dira munstro, mundu guztiak dakienez.
Aitatxok zigortu egin nahi du jende gaiztoa. Jende txintxoa, berriz, salbatu egin nahi du, gaizkile bihur ez dadin; alabak, batez, ere, arduragabe pinpirin samarrak izaten baitira oro har, eta heldugabeak oso. Beti komeni zaie gizon argiren bat gain-gainean edukitzea –fisikoki, abstraktuki–, dagokien bide aratz otzanetik irten eta gal ez daitezen.
Legediaren arabera, adingabeek guraso-tutoreen zaintzapean behar dute egon; ezin dituzte hainbat erabaki hartu zaintzaileen baimenik gabe.
Jainkoari eskerrak, aita gureak zainduko gaitu gu, adin guztietako emakume adingabeok.