Gabon zahar gaueko lagunarteko afariaren ostean Irantzuren eta protagonistaren arteko harremana hautsi egin da. Supergizonaren erruz? Ikusi beharko. Debabarreneko kooperatiba berean egiten dute lan hirurek. Protagonista –hala deitu beharko, izenik ez digu-eta esaten– dugu aldi berean narratzailea: publizista, Bilbon bizi izandakoa eta emaztearengandik banandua. Gutxi ikusten du alaba, galtzailetzat du bere burua, porrot gisa ikusten bere bizitza. Eleberrian zehar eguneroko bizitzako hainbat gertaera biziko ditu, gutako edonori gerta dakizkiokeen egoerak. Bizitza arrunta du, alegia.
Fermin Etxegoienek erritmo bizia eta paragrafo laburrak baliatu ditu lehen eleberri honetan. Elkarrizketa ugari ere badago, ez dira, ordea, ohiko marratxoen bidez agertzen, baizik eta kontakizunean bertan txertaturik. Hau da, narrazioaren, deskribapenen eta elkarrizketen artean ez du inolako bereizketarik egiten. Ironia erabiltzen du sarri, bai eta hitz jokoak ere, batzuk jator askoak. Hala ere galdera egin behar diogu geure buruari: zergatik darabiltza gehienetan gaztelaniara itzulita soilik ulertuko ditugun hitz eta esamoldeak? Hona hemen zenbait adibide: inoiz ez da berandu pizza ona bada, rajatu dira, euliztatu da (pipertu da, alegia), zer margotzen duzu hor (zer demontre zabiltza hor esateko), luzitu zara, hautsa bota (larrutan egin), txinoak (txinatarrak esateko), Alameda Mazarredo (Mazarredo zumarkalea esateko), Tunez (Tunisia esateko). Gure ustez horrexek pobretzen du nobela, ezerk pobretzekotan: eguneroko eta kaleko hizkera islatu nahian sarriegi jotzen duela gaztelaniara, nahiz eta euskarazko hitzak erabili –inoiz edo behin gaztelaniaz ere jartzen du zuzenean–. Dena den, gogoetarako galdera ere izan daiteke: egokia ote da kaleko euskara islatzearren erdarakadetara jotzea?; ala, aitzitik, hobe da araututako euskara erabiltzea, irakurleengan poliki-poliki finkatzeko? Irakurle adina erantzun izango dituen galdera. Erantzuna, nork berea.
Fermin Etxegoien Oñatin (Gipuzkoa) jaio zen 1966an eta egun Bilbon bizi da. Idazlea, kazetaria eta irrati-esataria da. 2010ean kritikaren saria irabazi zuen eleberri honekin. Guztira bi nobela eta saiakera bat plazaratu ditu.
FITXA TEKNIKOA
Izenburua: Autokarabana
Idazlea: Fermin Etxegoien
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2009
Orrialde-kopurua: 323
Egilea: Adriano De Mata
Super gizon bat da. Ez daukat zer egin bere aurrean. Ni baino azkarragoa, dotoreagoa, ahaltsuagoa... Hain nago zeloek jota, anorexiko bilaka nintekeela oraintxe bertan.