Tontor garai hotzetatik, Saharako basamortu lehorrera

hirinet 2014ko ots. 17a, 12:59

Gasteiztarra da, ezaguna oso, normalean klima hotzeko giroan ibiltzen da eta hiriaren izena munduan zehar hedatu du.


Asmatu al duzu? Ba al dakizu nor den? Oraindik ez dakizula? Tira, jarrai dezagun bada. Azken urteetan, ohikoa zaigu bera telebistan ikustea, normalean talde bateko kapitain moduan. Orain bai ezta? Bai, arrazoi duzu, Juanito Oiarzabal mendizale ospetsua dugu gaur hizpide, izan ere, kasu honetan proiektu solidario bati ekingo dio hilaren 24an.

 

Zortzi milako mendi tontor gehien igo dituen mendizale honek, hurrengo erronka Saharako Maratoia burutzea du, horretarako elurra albo batean utzi eta Argeliako Tindouf errefuxiatu kanpamentuko hondar zein bero nekagarriari aurre eginez. Lasterketa solidario honek 14.edizioa du aurtengoan eta saharauien kausari babesa erakustea da xedea, bost kontinenteetako 25 herrialdetako ordezkariek hartuko dutelarik parte. Lasterketaz gain, kirol, medikuntza eta eskola material anitz emango dute bertara antolatzaileek.

 

Maratoiaz gain, 21, 10 eta 5km-ko lasterketak ere burutuko dira, eta printzipioz Oiarzabalek 10km-ko proba du begiz joa. Ezin ahantzi genezake munduko tontor garaienak igotzeko prozesuan bere oinetan izan dituen anputazio larriak, honek lasterka egiteko orduan zailtasun gehigarri bat suposatzen diolarik. Honela, Saharan bertan dagoenean erabakiko du zein proba burutu, maratoia bizikletan egitea ere ez baitu baztertzen.

 

Gisa honetan, abenturazale senari jarraituz eta solidaritatea uztartuz, proiektu interesgarri bezain politean murgildu da gasteiztarra.

 

Egilea: Mikel Villarrolain

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide