Zamalanak egiten dituzten ibilgailuei ere murriztu egingo zaie Gasteiz erdiko oinezkoen kaleetan ibiltzeko aukera

hirinet 2014ko ots. 19a, 09:18

Lehenago kontatu izan dugu nola Udalak bizikleten joan-etorriak mugatu dituen hiriaren erdialdeko oinezkoen hainbat kaletan.

 

Muga berri horiek zirkulazio ordenantza berriaren testuinguruan ezarri dira, eta dagoeneko hasita dago ordenantzaren inguruko informazio kanpaina. Datozen egunetan etxe guztietara iritsiko omen da ordenantzaren aldaketa nagusiak azaltzen dituen liburuxka eta alkateordearen gutun bat, azalpenak emanez.

 

Orain, kale horietan zamalanak egiten dituzten ibilgailuen txanda iritsi da. Udala garraiolariekin bildu da, eta zamalanak egiteko eskema berri bat ezarri du erdialdean. Otsailaren 18tik martxoaren 4ra arte beste liburuxka bat banatuko da egoera berria azalduz. Liburuxka erregulazio berriaren mende geratuko diren kaleetako 600 dendatan banatuko da, eta kalean bertan, garraiolariei ere zuzenean emango zaie.

 

 

Erregulazio berriak funtsean bi aldaketa nagusi ditu: alde batetik, zamalanak egiteko ordutegia murriztu egin da, eta lehen kamioi, furgoneta eta abarrek eguerdiko hamabiak arte egon ahal bazuten San Prudentzio edo Dato kaleak bezalakoetan, oraindik aurrera epea goizeko hamaiketan bukatuko da, eta ondoren irten egin beharko dute. Horren truke, Udalak zamalanetarako 10 gune sortu ditu murrizketa jasan duten kaleen alboetan. Gune horiek hurrengo kaleetan daude:

 

·         Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea

·         Zerkabarren kalea

·         Mateo Moraza kalea

·         Olagibel kalea

·         Prado kalea

·         San Antonio kalea

·         Alaba Jeneralaren kalea

·         Florida kalea

·         Ortiz de Zarate kalea

·         Geltoki plazatxoa

 

 

 

Oro har, gune horietako gehienetan goizeko zortzietatik arratsaldeko ordu bietara eta arratsaldeko lauretatik zortzietara egin ahal izango da lan. Batzuk goizeko ordutegia soilik edukiko dute. Larunbat goizetan ere erabili ahal izango dira zamalanetarako.

 

 

Beste aldaketa handi bat gune erreserbatu horiek erabiltzeko moduan dago. Zamalanak egin nahi dituzten langileek parkimetrora joan beharko dute derrigorrez txartela ateratzera, nahiz eta txartela doakoa izan.

 

 

Bestalde, hamaiketatik aurrera salgaiak oinezkoen kaleetan mugitu nahi dituztenek, “tresna arinak” erabili beharko dituzte eta ez diete oinezkoei trabarik egin beharko.

 

 

Egilea: Asier Sarasua

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide