Lanaren arabera, gehiago izango dira janaria etxetik dakartenak etxera joaten direnak baino; irakaskuntzan, adibidez, oso normala da irakasle gehienak tupperra ekartzea, talde honen mugikortasuna oso handia baita. Zortea badaukazu, zure lanean mikrouhin labe bat izango duzu, eta zorte handia baduzu hozkailu bat ere. Kasu horietan, aukera gehiago izango dituzu eraman ahal duzun janariekin, baina laberik ez badago eta janaria non gorde ere ez, trebetasun handia erabili behar da egunero bazkari orekatuak lortzeko. Hala ere, ez da hain zaila: ondo jatea posiblea da. Hona hemen gomendio batzuk:
Zure bazkariak antolatu. Etxean bazkaltzen duzunean, eguerdian iritsi ahal zara eta edozein gauza fresko momentuan prestatu, edota etxe azpiko barazki dendatik pasa ogia erosten duzunean. Kanpoan bazaude, ez. Erosketak egitera zoazenean, pentsatu: zer prestatu behar dut nik aste honetarako? Zer jango dut astelehenetik ostiralera? Asteburuko ordu bat hartu bazkariak antolatzeko, oinarrizko jaki batzuk prestatzeko. Poztuko zara.
Izozkailua zure lagun hoberena da. Zerbait prestatzen duzunean (afaltzeko, lagun arteko bazkari batean, asteburuetan) portzio gehiago egin eta soberakinak izoztu. Zelako poza hartuko duzun izozkailua zabaldu eta asteburuko babarrunak ikusten dituzunean!
Plater bakarra ere bazkari bat da. Ez duzu zertan bi plater eta postrea eraman behar egunero. Babarrun edo dilista plater bete bat (bere “sakramentu” guztiekin, noski) eta fruta bat nahikoak dira eguna pasatzeko, batez ere zure lana eserita egiten den horietako bat bada. Etxera iristen zarenean, askari dezente bat egin eta listo, gosea ekidin duzu.
Ogitarteko bat noizean behin ez da etsaia. Ez da egunero jan behar den gauza bat, baina egunen batean ogitarteko goxo bat prestatzeko gogoak badituzu, aurrera. Proteinaz josi, barazki batzuk sartu (alberjinia plantxan bikaina da ogitartekoan) eta emaiozu zure gorputzari poztasun bat. Hori bai, hurrengo egunean gorputzak entsalada bat eskatuko dizu.
Pureak eta sopak erraz egiten dira eta lan gutxi ematen dute. Telebista ikusten duzun bitartean prestatu ahal dituzu, barazkiak potoan utzi eta beraiek egingo dute lana. Lehenengo plater osasuntsu bat eramango duzu, eta daukagun eguraldiarekin zerbait bero sartzea asko eskertzen da. Lanean mikrouhin laberik ez baduzu, termo batean eraman.
Lanean, zure sukalde pribaturako txokotxoa bilatu. Armairu batean gatza, olioa, ozpina eta abar gorde, behar duzun momenturako. Ez eraman inoiz aurrez aurreko olioztutako entsalada bat, utzi azken momenturako. Zuk jakingo duzu zer den gehien erabiltzen duzuna: izan eskura lanean ere.
Etxetik kanpo jatea edo etxean egitea ez da gauza bera, baina ez da zertan txarra izan behar ere. Ohitura hartuz gero, orekatu eta osasuntsu jango duzu, eta ez dizu denbora gehiegi hartuko. Gogoratu: jaten duguna gara. Tupperra zaintzea zure onurako da.
Egilea: Ruth Ibañez
