Kolpe latza Alavesentzat berriro jaitsiera postuetan kokatuz

hirinet 2014ko ots. 18a, 09:15

Lehenengo zatiaren amaieratik jokalari bat gehiagorekin jokatu arren, Alavesek Murtziaren aurka galdu zuen igandean Mendizorrotzan (0-1), taldearen gol gauzatze eza dela eta

 

Alavesek Murtziaren aurka galdu zuen gorantz begira jartzeko abagunea pasa den igande arratsaldean, berriro jaitsiera postuetara jaitsiz. Partida ondo deskribatzen duen hitza Alaveseko entrenatzailea den Juan Carlos Mandiak erabilitakoa da, “oso kolpe latza” alegia. Aurreko jardunaldian utzi zituen jaitsiera postuetara  bueltatu da Alaves, 19. Postura zehatz-mehatz, jaitsiera postuetatik ateratzeko saltsan dabiltzan taldeek eskuratutako emaitza onek eraginda batik bat. Alferrik izan ziren Alavesen saiakerak, batzuetan langarekin aurkitzen zelako taldea eta beste batzuetan Murtziaren atezainak bere taldeari ematen zion ziurtasuna zela medio. Esan beharra dago ere, epailearen erabakiak ez zirela polemikaz salbu egon, bereziki bigarren zatiko 31. minutuan ustezko penaltia ez adierazi ostean. Mandiaren hitzetan “adierazi gabeko penaltia eskandalua izan zen”.

 

Mandiak berak aurreko jardunaldian Sabadell mendean hartu zuen hamaikakoa berriro berdeguneratu zuen eta Alavesak gogotsu ekin zion lehenengo minutuetan Totiren gola egiteko aukera garbiarekin. Murtziak bere aldetik, oso ordenatuta ekin zio partidari, baita defentsan ausart ere, 3 zentralekin. Talde zuri-urdinak beste partida batzuetan defentsan izan duen egonkortasuna izan zuen faltan. Norgehiagokaren gol bakarra 32. minutuan iritsi zen, Kike Garciak area ertzean hartutako aldaratzea Goitiak defenditutako atean zartako bikainaz sartuz. Hala ere, Murtziak lortutako aldea kolokan jarri zen, epaileak Murtziako taldeko Alex kanporatu baitzuen, bi txartel hori jarraian ateraz.

 

 

Bigarren zatiari dagokionez, bero hasi zen, Ion Velezek gola egiteko aukera garbia eduki zuenean bigarren zatiko  9. minutuan. Harmailetan partidari buelta emango zitzaiolako ustea zabaltzen hasi zen baina laster giroa hozten joan zen etxeko taldearen gol aukera falta zela eta. Ondoren, Trujillo Suarezek adierazi ez zuen Stevanovic-en gaineko penalti etorria zen, zeinak zaleen haserrea ekarri zuen: “altxa eskuak hau lapurreta da” entzun zen. Azkeneko minutuetan, taldeak gogor estutu zuen Murtzia, baina alferrik; batetik, Murtzia taldeak behin eta berriro mozten zuelako jokoa babazorroen dinamika apurtuz eta bestetik, epaileak beste zenbait erabaki polemiko hartu zituelako. Partida, Casto atezainak defenditutako atean amaitu zen, korner batekin eta Stevanovicen burukadak langan dardara eraginez.

 

Taldea “fondo polideportivo” delako harmailako zaleez babestua izan zen, bereziki Iraultza 1921ek hartzen duen harmailako zatiaz. Giroa dena den, beste partida batzuetan baino hotzagoa izan zen, partidaren nondik norakoek eragin handia izan baitzuten horretan. Hurrengo jardunaldian “Glorioso”-k Sporting-en aurka jokatuko du (Otsailak 22 Igandea 18.00etan, ETB1en ikusgai) zeina laugarren postuan den, Eibar liderraren gibelean.  Deportivo Alaves beraz, etxean otso eta kalean uso.

 

 

Egilea: Unai Abalos Legazpia

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide