@JavierMaroto: #TrebiñuArabaDa

hirinet 2014ko otsailaren 17a

Aski soberan dakigu zeinen moderno eta apurtzaile diren azken bolada honetan –eta Quirogaren laguntzaz are gehiago–, gure instituzioetara jauzi egiten duten Alderdi Popularreko kideak: gazte, politikoki zuzen eta (batzuetan) euskaldun ere bai. Zalantzarik ez: itxuraz behintzat, Mayor Orejaren bideetatik irteten ari dira.

 

Korronte horretako alkatea dugu Gasteizen, ezaguna egin dena PPk dioenaren guztiz kontrako plantak egiteagatik. Gauza horien artean, azkena Trebiñuren "arabatasunaren" alde kokatzea izan da. Kokatu bakarrik, ezein itxuraz aldatzen dute bai, baina portaera ez da “orejismo” horren oso ezberdina.

 

Ez da ezer berria euskal popularrek Araban duten indarra ikusita, probintzia honek duen zuloa estali nahi izatea euren alderdian gero eta handiagoa den zuloa estaltzeko. Hala ere, nahiak ez dira nahikoak, eta baliagarriago zaie benetako eskuina boteretsua den lurraldetan –Gaztela kasu– eurena mantentzea Euskal Herrian haztea baino. Horra non dugun Javier Maroto, azken boladan Twitter kontuan #TrebiñuArabaDa hashtagarekin bere horma busti duena. Eta horra non Eusko Legebiltzarrean zuloaren kontua Madrilera eramateko proposamena bozkatu zenean, bere eserlekua hutsik utzi zuen. Bere ideietatik ihes egin zuen.

 

Ez dut ukatuko alkate ausarta dugunik, Garoña gora eta behera, aurrekontuak gora eta behera, sexualitatea gora eta behera. Hala ere, bi aurpegietara jokatzea, luzera edo laburrera, zaplastakoa dakar aurpegi batetik zein bestetik. Jaso ditu bereak popularren aldetik, eta orain alderdia konten uzteko, bere itxura aurrerakoiari bizkarra ematea erabaki du. Trebiñutarrek hari berea eman diote jada...

 

Egilea: Aitor Castañeda Zumeta. Gizarte Komunikazioan Doktoregaia

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago