Bi gazte irudikatzen ditu, bideojoko makina batekin jolasean. Behin ikastetxeko zuzendariak gazte batzuk ikusi zituen eskolako paretak sprayz zikintzen, eta zera esan zien: “Ez ezazue txapuzarik egin; zerbait margotzen baduzue, ongi egin”
Alde Zaharreko horma-irudi erraldoiek ospe gehiago daukate, baina Santa Luzia auzora hurbiltzen denak aukera aparta du graffitien bilduma bikaina bisitatzeko. Nadaserio, Rage, OjodeKuerbo, Kapone... kaleko artisten izenak nonahi irakur daitezke.
XX. mendeko bigarren erdialdean Gasteizko hirigile eta arkitektoak erotu egin ziren eta munduko beste leku askotan bezala, hiri “modernoa” eraiki behar zutela erabaki zuten, Auzo berriak “poligono” bihurtu ziren. Zaramaga, Santa Luzia, Aranbizkarra, Adurtza... “Kalea” hitzak zentzua galdu zuen. Funtziorik gabeko kale kantoiak sortu ziren, eskailerak gora eta behera, ertz askokoak, ezkutuan geratzen direnak. Grafiti egileentzako ingurumen ezin hobea. Zerbait irabazi zuten auzo horiek: paretak. Pareta hutsak, Gasteiz erdialdean aurkituko ez dituzun horietakoak.
Jazinto Benavente kalearen bi aldeetan dauden etxe-orratzen arteko ezlekuak kolorez bete dira azken urteetan. Ertz askoko letra lodiz osatutako graffitiak dira batzuk; beste batzuk aurpegi ederrak, autoak eta paisaiak irudikatzen dituzte. Horietako batzuen argazkiak atera eta mapa batean jarri ditugu, Flickr-en. Jarraitu mapari, eta larunbat goiz batean kaleko artisten lanak miresten igarotzeko ibilbide eder bat egingo duzue.
Gehiago jakin nahi izanez gero, bisitatu hurrengo webguneak:
http://www.flickr.com/photos/nadaserioworks
http://www.flickr.com/photos/rage1/

