Ekimen honen bidez Mendebaldeko Saharako gatazkari erreparatuta, gazteak Giza Eskubideekin engaiatzea bultzatzea lortu nahi du elkarteak. Horretarako, generoa eta feminismoa, baliabide naturalak eta eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak ardatz izango dituen proiektua gauzatuko du otsailetik apirilera bitartean.
Karamak bi alditan gauzatuko da. Lehenengo fasea on-line garatuko da 2014ko otsaila eta martxoan zehar, helburu hori lortzeko laboratorioddhh.info orrialdea sortu du elkarteak. Orrialde honek ekimenari buruzko informazio zehatza eskaintzeaz gain, aipatutako hiru ardatzen inguruko eztabaidarako oinarrizko tresna izango da. Ardatz bakoitza aditu batek moderatuko du.
Bigarren zatia, aldiz, presentziala izango da: Gasteizen gauzatuko da apirilaren 4an, 5ean eta 6an. Lana tailerretan antolatuko dute eta lan-taldeak egingo dira ardatzen arabera. Taldeek ekimen sortzaile bat burutu beharko dute eta horren bidez aukerak eskaini mobilizazio sozialerako, ikerketarako, prestakuntzarako edo politikoki eragiteko. Lan horretarako taldeei baliabide materialak eta aholkularitza eskainiko zaizkie.
Informazio gehiago: Karama Mendebaldeko Saharako Giza Eskubideen ekimen laborategia
