Hortaz, bidaia leku berean hasi eta amaituko da, baina geltoki bera izan arren, bidaiaria ez da berdin sentituko abiatzean eta iristean, joan-etorrian ezagututako estazioek eraldatu egingo baitute.
Izan ere, geltoki bakoitza istorio bat da, sentimenduekin lotutako bidaia bat eta, zehazki, maitasunarekin du zerikusia, edo maiteminarekin, edota maitasun ezarekin.
Eta bidaia hori helduta egitea komeni da, izenburuan bertan adierazten den moduan; beti baita gozagarriagoa konpainia onean bidaiatzea. Ibilbidean topatuko ditugun gorabeherak aurreikusi ezinak dira, ordea, eta espero ez duen tokian eta espero ez duen norbaitekin gera daiteke bidaiaria, edota bakar-bakarrik.
Baina hori da, hain zuzen ere, bidaiaren xarma: ondoren zer gertatuko den zehatz-mehatz ez jakitea, eta horixe da Goiatz Landabidarrek proposatzen digun literatur ibilbide honetan irakurleak topatuko duena: ustekabeko amaierak, batzuetan eztiak, bestetan garratzak, beste batzuetan gazi-gozoak. Azken finean, bidaiak lehenago edo geroago, nola edo hala, baina amaitu egin behar du, amaiera izan baitaiteke hurrengo istorioaren abiapuntua.
Fitxa teknikoa
Izenburua: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak
Egilea: GOIATZ LABANDIBAR ARBELAITZ
Argitaletxea: ELKAR
Hizkuntza: Euskara
Edizio-urtea: 2013
Orrialde-kopurua: 202
Egilea: Nerea Gallastegi
Hendaiatik abiatuta, Europako hainbat hiritan geldituko da Goiatz Labandibarrek gidatutako trena: Marseilla, Geneva, Venezia, Trieste, Ljubljana, Zagreb, Pula, Genoa eta Niza; amaieran, berriz ere Hendaiara itzultzeko.