Euskal Zinemaren Astearen 30. edizioa

hirinet 2014ko otsailaren 21a

euskalzinemarenastea

Euskal Zinemaren Astearen 30. edizioa iristear dago. Aurtengo proiekzioak Vital Kutxa Fundazioa aretoak eskainiko ditu otsailaren 24tik martxoaren 1a arte.

 

Proiekzio hauen artean filmak, laburmetraiak, dokumentalak eta beste hainbat moduko ikus-entzunezko ekoizpen eskainiko dira.

 

 

Jaialdiari sarrera emango zaio otsailaren 24an, astelehenean, Kepa Sojoren 'Loco con ballesta' laburrarekin eta 'Chaika' filmarekin. Edizio honetako elementu berria, martxoaren 1eko umeentzako sesioa da; bertan, Maite Ruiz de Auristi, arabar zuzendariaren marrazki bizidunetako film berria erakutsiko da; 'El extraordinario viaje de Lucius Drumb' izenekoa.

 

Aurreko urteetan bezala, Vital Kutxa Fundazioaren Gelan (Dendaraba merkataritza-gunean) emango dira kultur programazioan leku bat egin duen ziklo honetako filmak, egunero 20:00etatik aurrera. Euskadin egin, zuzendu edo ekoiztu diren film luze bat, film labur bat eta dokumental bat eskainiko dira programaren barruan. Horrez gain, martxoaren 1ean (larunbatean) haurrentzako emanaldi berezi bat egingo da arratsaldeko 16:30ean; Goya sarietarako animazio film onenaren izendapena lortu duen Lucius Dumben berebiziko bidaia filma emango da, hain zuzen ere.

 

Horiek ikusi ondoren, solasaldia egingo da filmeko ordezkariekin, eta amaitzeko, publikoak bere botoa emango du Aretoaren kanpoaldean jarriko diren kutxetan. Film luze, film labur, eta dokumental onenaren sariak martxoaren 1ean egingo den sari-banaketan emango dira ezagutzera. Gainera, zinearen munduko euskaldun profesionalek “Uno de los nuestros” delako saria jasoko dute antolatzaileen eskutik.

 

Saioetako edozein ikusteko sarrerak saioa hasi baino ordubete lehenago eskuratu ahal izango dira Vital Kutxa Fundazioaren Aretoan bertan, 3 eurotan. Eroslea Kutxabankeko txartel baten titularra bada, berriz, sarrerak 2 euroko prezioan erosi ahal izango ditu.

 

Euskal Zinemaren Astean guztira euskal egileek eginiko 18 lan erakutsiko dira; 7 film, 5 dokumental eta 6 labur.

 

 

Euskal Zinemaren Astea programa osoa

 

Egilea: Klaketa

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago