Historiak dio Agate Deuna Sizilian jaio zela 230ean. Diotenez, neska polita omen zen, hori dela eta, Siziliako Quinciano gobernadoreak Agedaren amodioa lortu nahi zuen. Neskatoak, ordea, kristautasunean fede itsua zien eta ez zuen honen proposamena onartu. Erantzuna ez zen Quincianoren gustokoa izan eta kartzelan sartu, eta bertan torturatu egin zuen. Bularrak moztu zizkion eta hil egin zen 21 urte zituela. Hori guztia 251ko otsailaren 5ean gertatu zen. Agate Deuna mendebaldeko lehenengotariko birgina-martiria da.
Hortaz, oinarrian zentzu erlijiosoa du ospakizun honek, izan ere, zentzu hori ia erabat galdu da Araban. Euskal Herrian Agate Deuna herriko mutil ezkongabeen zaindaria omen zen, soldadutzara joateko adina zutenak, hain zuzen. Taldeetan bildu eta etxez etxe kantatzera joaten ziren, jatekoren bat jasotzeko asmoz. Eskearen helburua anaitasun merienda edo afaria egiteko beharrezkoa eskuratzea izan ohi zen.
Egun, eskalearen profila anitza da eta mutil ezkongabeak ez ezik, umeak, gazteak, helduak, aiton-amonak…ateratzen dira Agate Deuna ospatzera. Iluntzean kalean nonahi topatuko ditugu abesbatzak, gazte-taldeak, kaikuak, txapelak, abarkak, saskiak, arrautzak, koplak, musika eta makilak, jakina!
Baina nondik dator makilaren erabileraren tradizioa? Antza denez, aipatutako mutilak gauez ilunpean ibili beharra izatea arrazoia, bideetan barrena baserriz baserri ondo ibiltzeko tresna baitzen. Kanturako, gainera, akonpainamendu bikaina bilakatu da makila.
Gaurkoan, iluntzeko 19.00etatik aurrera, Agate Deuna ospatzeko parada izango dugu, hiriko erdigunean zein auzoetan. Zabalganan, esaterako, 18.00etan elkartuko dira Mainton tabernako plazatxoan. Gasteizko AEK-ren hitzordua Judimendiko Aixkiria euskaltegian izango da eta 19.00etan Arabako Emakumeen Asanblada General Loma plazan elkartuko da.
Aurten, Berakah abesbatza multietnikoak herri-tradizio honekin bat egingo du eta Alde Zaharreko kaleetan Hegoamerikako eta Afrikako hainbat bizilagun Agate Deunaren kanta abestera animatuko dira.
Otsaila hasi eta berehala kantu kantari aritzeko eguna heldu zaigu. Bihar, otsailaren 5ean, Agate Deuna eguna izanik, gaur, bezperan, Euskal Herriko leku guztietan ospatzen den herri-tradizioa datorkigu.