Gasteizen taldearen zuzenekoa ikusteko parada izango dugu otsailaren 7an Jimmy Jazz aretoan (Hirinetek bi sarrera zozkatuko ditu). Bitartean, taldearekin solas egin dugu.
Nolakoa izan da Urtz taldearen itzulera eszenatokira?
Amestutako itzulera izan da. Taula gainera igo aurretik zalantza asko geneuzkan. Hamar urte eta gero, zaila da asmatzea zer nolako jendea aurkituko duzun zure kontzertu batean; baita zein giro mota sortuko den.
Momentuz hiru kontzertu eman ditugu (Durango – Durangoko Azoka eta diskoaren aurkezpena baliatuz-, Donostia eta Bilbo), eta hirurak itzelak izan dira guretzako. Jendearen erantzuna, bikaina. Giroa, aparta. Argi dago jendeak oraindik ez gaituela ahaztu, ez gu ezta gure abestiak ere. Gozada bat izan da, zentzu guztietan.
Zer moduzko harrera izan du azken diskoak?
Badirudi salmenta bikain doala. Hainbat astetan Elkar dendetako hiru edo lau diskorik salduenen artean egon da. Jendeari ikaragarri ari zaio gustatzen, garai batean egiten genuenaren jarraipen perfektua delako, baina soinu eta konponketa eguneratuez zipriztinduta. Disko anitza da, URTZen ohikoa den moduan; hamar abesti dira baina estilo eta erritmo desberdinekoak. Jende mota askorenganaino iritsi daitekeela iruditzen zaigu. Orain arte jaso dugun feedback-a oso ona izan da.
Eta diskoa sortzeko prozesua? Ongi moldatu al zarete hamar urte pasa ostean?
Eszenatokietatik urrun egon garen hamar urte horietan konposaketa lana ez da gelditu. Taldekideek bageneuzkan hainbat ideia –norberak bere etxean- abesti formarekin. Gaur egun teknologia berriek ematen dituzten aukerak baliatuz, horiek guztiak lokalera eraman eta denon artean lantzea ez da zaila gertatu. Lokaleko lana abesti horiek borobiltzea izan da, konponketak egitea. Udara latza izan da, hainbat ordu sartu ditugulako lokalean, ia oporrik gabe eta senitartekoekin egoteko denbora gutxirekin. Lan asko izan da hilabete gutxietan kontzentraturikoa, taldearen azken kontzertuaren hamargarren urteurrena baliatuz URTZen itzulera iragarri ahal izateko. Hori zen gure asmoa eta lortu dugu.
Nolako eboluzio musikala izan du zuen azken diskoak aurrekoekin alderatuta?
Azken diskoak badauzka antzekotasunak eta desberdintasunak aurrekoekin. Batetik, antzekoa da tankera desberdineko kantak biltzen dituelako, erritmo eta estilo desberdinekoak. URTZen oso ohikoa da hori. Momentu oro bihotzetik irten zaiguna grabatzeko aukera izan baitugu beti, inork trabarik jarri gabe. Bestetik, ordea, bai soinua eta baita konponketak ere modernoagoak dira. Hortan ezinbestekoa izan da Sonido XXI eta San Martin anaien ekoizketa lana; gu geldirik egon garen urte horietan guztietan, haiek lanean jarraitu baitute atsedenik gabe. Lur gazian ametsak ereinez diskoa grabatu genuenetik (1998), kaleratu dugun guztia estudio horretan landutakoa izan da, eta lan berri honetarako ere ez genuen inoiz zalantzarik izan.

Hamar urteko isilunearen ondoren zergatik erabaki zenuten berriro martxan jartzea?
Nik uste feeling hutsagatik izan dela. Hainbat urte pasa ostean, berriro elkartu ginen URTZeko jatorrizko partaideak entsaio lokal batean. Bat-batean, bertan geunden, hainbat alditan jo izan ditugun abestiak jotzen berriro. Eta hantxe hasi ziren betiko txantxak eta giro aparta. Azken finean, lagun talde bat garelako. Bazirudien denborarik ez zela pasa. Eta orduantxe sentitu genuen oraindik bageneukala zer eskaini; musikaren harra bizirik zegoela oraindik gure zainetan. Hortik honainoko prozesua erabat naturala izan da.
Asko aldatu da musikaren egoera azken urte hauetan?
Zenbait gauzetan bai: egun, musika entzuteko eta kontsumitzeko modua erabat desberdina da. Jende gutxik mantentzen du CD original bat erosi eta hura entzuteko ohitura. Teknologia berriek hori zapaldu egin dute. Beste era batzuetan kontsumitzen dugu musika. Egungo salmentek zerikusirik ez daukate duela hogei urtekoekin. Badirudi garai bateko xarma galdu dela.
Aldaketa sumatu baldin baduzue, zer botatzen duzue faltan eta zer aldatu da onerako?
Orohar, teknologia berriek hainbat ate zabaldu dituzte baina, bide batez, baita beste batzuk itxi ere. Gu hasi ginenean, kaseteak aurrera eta atzera ibiltzen ginen abesti berriak egiteko eta beste taldeen bertsioak atera nahi genituenean entsaio lokalean. Gure lehen bi diskoak biniloan irten ziren. Urte gutxiren bueltan biniloa desagertu zen eta handik gutxira, baita kasetea ere. Beharbada CDari ere ez zaizkio urte asko geratuko... Duela hogei urteko URTZen kontzertuen irudirik apenas aurki daiteke. Orain, aldiz, kontzertu bat eman eta handik minutu gutxira sarean zintzilikatuta egon daiteke mundu guztiaren eskura... Abestiak konposatzeko ere, ordenagailu bat eta musika programatxo batekin sekulako lana egin daiteke. Dena den, gure ustetan ezer ez da, berez, ona edo txarra. Dauzkazun baliabideetara eta bizi duzun egoerara egokitzea da gakoa, ahalik eta etekinik handiena ateratze aldera.
Zuen jarraitzaileak, orain dela hamar urtekoak dira edo publiko gaztea erakarri al duzue?
Denetatik dago, orain arte ikusi ahal izan dugun moduan. Betiko jende asko (URTZen zalegoa oso leiala baita), baina baita jende gazteagoa ere. Duela hogei urte URTZen atzetik plazaz plaza ibilitako asko guraso dira gaur egun; belaunaldi berri bati zabaldu dizkiote ateak. Gozada bat izan da guretzako, adibidez, aita-semeak ikustea gure lehendabiziko kontzertuetan. Momentuz hiru izan dira, baina hirurak momentu hunkigarriz beteak. Nik uste orain beste modu batetara bizi dugula gertatzen ari zaigun guztia. Ez dago zalantzarik: zorioneko gara bizitzak eman digun aukera honekin, eta gozatzen jarraitzeko prest gaude.
Urtz taldearen jarraitzaileak zorioneko dira, izan ere, orain dela 25 urte eratutako Pasaiako taldea taularatu da berriro ere hamar urteren buruan.