“Zerbitzu soziala lehenetsi beharrean araudiak Alokabideren interes ekonomikoen alde egiten du”, adierazi zuen Jon Ander Garcia Kaleratzeak Stop plataformako kide eta kaltetuak. Besteak beste, ordaindu beharreko errenta maizterraren diru sarrerak handitzen direnean baino ezin da aldatu; inoiz ez jaisten den kasuetan.
Garciak jakinarazi du Gizarte Politikako Sailak hutsune horietako batzuk zuzentzeko agindua eman duela, baina Alokabidek ez duela aurrera eraman. Errentak berriro aztertzeko eskatu zuen Jaurlaritzak, diru sarrera berrietara egokitzeko, baina Alokabidek ez du hori egin. Zorrak dituztenak kaleratzeko tramiteekin jarraitu dute. Kaleratzeak Stop taldeak lau kasuren berri eman du.
Gaur bertan Kaleratzeak Stop plataformako kideak Covadonga Solaguren Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordea eta Irune Berasaluze Alokabideko zuzendariarekin bilduko dira. Etxe kaleratzeak bertan behera uzteko eta zorrak negoziatzeko eskatuko diete.
Iturria: Berria
Aurreko ostiralean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformek etxe kaleratzeak gelditzeko eskatu zioten Babes ofizialeko etxebizitzen alokairuak kudeatzen dituen Alokabideri. Sozietate publikoaren bulegoen aurrean, kaltetuei babesa agertzeko eta araudi aldaketa eskatzeko elkartu ziren. Bertan, Alokabidek kaltetutako familia batzuk kanporatzeko aginduak sinatu dituela salatu zuten eta hasitako etxe kaleratzeak gelditzeko eskatu.