Osagaiak
400 gr mascarpone gazta
4 arrautza
-00 gr azukre
200 gr bizkotxo txiki (gogorrak hobeto, biguinak apurtzen dira)
200 gr txokolate beltz
Eskukada bat masusta edo bestelako fruitu txikiak
Egiteko era
Aldez aurretik, desegin ezazu txokolatea gurina pixka batekin eta utzi epeltzen (baina hoztu gabe, edo berriro gogortuko zaizu). Ez ezazu guztia desegin, erreserbatu pixka bat amaieran apaintzeko. Bitartean, erretilu batean bizkotxoak ipintzen ditugu, oinarria guztiz estaltzen dutela, eta kafe hotzarekin buztitzen ditugu. Ez bota kafe gehiegi; bizkotxoak asko buztitzen badira, tiramisuaren oinarria desegingo zaizu zerbitzatu nahi duzunean.
Txokolatea bizkotxoen gainetik ipini, geruza homogeneo bat sortuz.
Arrautzak banatu, zuringoa alde batetik eta gorringoa bestetik. Zuringoa irabiatu behar duzu merengea lortu arte. Pazientziaz egin: gero eta gogorrago merengea, gero eta gorputz gehiago izango du pastelak.
Beste ontzi batean, mascarpone gazta, azukrea eta arrautz gorringoak batu masa homogeneo bat lortu arte, pikorrik gabekoa. Behin lortu duzula, gehitu iezaiozu merengea eta kontuz nahastu berriro ere, nahasketa garbia lortu arte. Guzti hau bizkotxoak eta txokolatea daukazun ontzian bota, izkin guztiak betetzen.
Erreserbatu duzun txokolatea birrindu eta gainetik bota, kolorea eman arte. Trebea bazara (eta txokolate nahiko baduzu) birrindu beharrean txiribilak egin ditzazkezu, txokolate gehiago botatzen. Bukatzeko, masustak erabili apaintzeko. Pastelak gutxienez bi ordu egon behar du hozkailuan, baina goxoago dago oraindik gau osoa uzten baduzu bertan.

Imajinatuko duzuenez, errezeta honek ez dauka “light” den ezer, baina lagunen arteko afari batera eramaten baduzu, arrakasta ziurra da. Badakizu: dieta hurrengo egunean hasteko aukera daukazu beti.
Egilea: Ruth Ibañez
