Drogen analisiaren garrantzia

hirinet 2014ko urtarrilaren 29a

ailaketAizunketak eragindako arriskuak saihesteko droga erabiltzaileek hartzen dutenaren konposaketa jakiteko eskubidea izan beharko lukete.

 

Zaila da legez kanpoko drogen konposaketa zein den jakitea, analisirik gabe ezinezkoa dela ez esateagatik. Legezko substantziek, aldiz, beharrezko kalitate kontrolak gainditzen dituztela suposatzen da eta hauek erostean aizundu gabe daudelakoan gaude, nahiz eta horrek ez duen esan nahi legezko substantzia guztien erabateko kontrola dagoenik. Horren adibide alkoholaren kasuan garrafoi ezaguna genuke, tabako kutxetan emandako konposaketaren informazioa hutsunez beteta egotea ere aipagarria delarik.


Dena den, salbuespenak kenduta legez kanpoko merkatua da erabiltzailearentzat aizunketari dagokionez arrisku gehien aurkezten duena, eta bertan zaila da erabateko purutasuna aurkezten duen substantziaren bat eskuratzea, batez ere hau esku askotik pasa denean.

Euskal Herrian heroina da zalantza gabe gehien aizundutako droga (askotan parazetamolarekin edota kafeinarekin mozten delarik besteak beste), honi anfetamina edo speeda jarraituta, azken honetan aizuntzaile moduan kafeina nabarmenduta.


Bitxia da kalamuaren inguruan eta batez ere haxixaren kasuan mitoak errealitatearen gainetik daudela askotan, eta ezohikoa dela aizuntzaile moduan osasunarentzat toxikoak edo kaltegarriak izan daitezkeen substantziak kalamuan aurkitzea. Hori bai, lagin batzuetan substantzia organikoen presentzia maila handiagoan edo txikiagoan eman daiteke eta bestetik kontuan izan behar da psikoaktibitatea lagin batetik bestera aldatzen dela.


Hala ere, drogaren purutasuna jakiteko edo aizuntzaileak aurkitzeko modu bakarra substantziaren analisia egitea da, hartu aurretik egitea gomendatuta. Ai Laket!!-en analisia droga erabileraren arriskuak murrizteko neurri bezala hartzen dugu, eta nahiz eta Euskal Herrian zerbitzua oso ezaguna ez izan, Europako herri askotan normalizatua dagoen zerbait da. Droga erabiltzailea izatekotan, beraz, aintzat izan garrantzitsua dela hartzen ari denaren inguruan behar bezala informatuta egotea eta horretarako EAEn Ai Laket!! elkartea dela testing zerbitzua eskaintzen duen elkarte bakarra. Nafarroan, berriz, analisia Hegoak elkartearen bidez egin daiteke.


Informazio gehiago: Ailaket!


Egilea: Maitane de Anitua, Ai Laket!! Elkartea

 


 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago