Dagoeneko erabakita dago Gasteiz erdialdeko zein kaletan mugatuko diren bizikleten joan-etorriak

hirinet 2014ko urtarrilaren 28a

bizikletaren-erabilera-gastUrtarrilaren 27an bildu zen Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Herritar Foroa, alegia Udalak mugikortasun kontuetan herritarren parte-hartzea bideratzeko erabiltzen duen bilgunea, eta bertan bizikleten joan-etorriak hiri erdialdean mugatzeko Udalak proposatzen duen dekretua aurkeztu zuen alkateorde den Idoia Garmendiak.

 

Aurreko artikulu batean azaldu genituen zeintzuk diren zirkulazio ordenantza berriaren aldaketa nagusiak. Horien artean, bizikletak 3 metro libre baino gutxiago dituzten espaloietatik debekatzen duen araua dago. Debekatuta daude, baita ere, kalean bizikletentzako bide bat badago edo zirkulazioa lasaitzeko neurriak hartu badira.


bake-kalea

Bake kaleko espaloiek 3 metrotik gora dituzte eta ez dago bizikletentzako biderik bertan; beraz, itxura batean baimenduta egongo da espaloi horietatik bizikletaz ibiltzea.


Haatik, buruhauste handienak eta eztabaida latzak eragin dituen auzia, hiriaren erdialdeko kaleetan bizikleten erabilera debekatu behar ziren ala ez, ebatzi gabe jarraitzen zuen. Azkenean badirudi tarteko puntu batera iritsi dela, eta debekatu ez, baina ordutegien bidez mugatuko da haien ibilera.


Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hainbat azterketa egin ditu erdiguneko oinezkoen kaleek duten oinezkoen dentsitatea ezagutzeko. Horren arabera, zenbait ordutan oinezkoen dentsitatea handiegia da eta ez da bateragarria bizikleten mugimenduekin. Ideia horretatik abiatuta, bizikletentzako mugak ordutegien bidez ezartzea proposatu da.


Mugak izango dituzten oinezkoen kale eta esparruak beheko mapan berdez ageri direnak dira. Mapa hori Mugikortasun Foroan Udalak aurkeztu zuenaren moldaketa bat da. Debekatutako orduak goizean 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldean 17:30etik 21:00ra izango dira (udan, apirilaren 1etik urriaren 31ra, 22:00ak arte luzatuko da debekua).


bizikleta-bideak-erdialdean

Mugikortasun Foroan aurkeztutako maparen moldaketa. Mugatutako kaleak (berdez) eta Udalak proposatutako alternatibak (urdinez).


Muga berriak betetzen ez dituzten txirrindulariek 45 euroko isuna ordaindu beharko dute. Hala ere, isunak ez dira hasieratik jarriko: lehen hilabeteetan ohartarazpenak egingo zaizkie txirrindulariei.


Mugak horiek jartzearen truke, Udalak zenbait ibilbide alternatibo planteatu dizkie txirrindulariei, mapan urdinez margotuta erakusten direnak.


Alde batetik, ekialdearen eta mendebaldearen arteko konektagarritasuna bermatzeko, Posta kalea erabili ordez Independentzia-Alava Jenerala-Becerro Bengoa ardatzean (tranbiaren kaleak) bizikleten joan-etorriak baimenduko dira. Gogoan izan garraio publikoarentzako esklusiboak diren erreiak ezin dituztela bizikletek erabili, seinale bidez espresuki baimena ematen ez bazaie. Zentzu horretan, badirudi tranbiaren eta autobusen zenbait erreitan hori baimenduko dela.


Bestalde, Olagibel kalean dagoeneko existitzen den bizikleta bidea mendebalderantz luzatuko da, Mateo Moraza kaletik eta Andre Maria Zuriaren plazatik. Plazan bertan ezin izango da bizikletaz ibili goian aipatutako ordutegietan, baina bizikleta bide bat sortuko omen dute plazaren alde batean goitik behera jaisteko (gogoratu jadanik badagoela plazan gora igotzeko bizikleta bidea, galtzadatik, autobusekin partekatuta).


Iparraren eta hegoaren komunikazioari dagokionez, Diputazio kalea eta Jesusen Zerbitzarien kalea oinezkoen dentsitate handikoak dira, eta haiei alternatiba emateko, Errementari kaletik bideratuko dira txirrindulariak. Hiriaren zabalgunean, berriz, jadanik San Antonio kalean eta Foru kalean sortuta dauden bizikleta bideak erabili ahal dira Dato kalea ez erabiltzearen truke.


Azkenik, badirudi Herrandarren kalean bidegorri berri bat sortuko dela, bai eta Legutianoko atean ere. Ikusi beharko noizko egongo diren obra horiek guztiak amaituta.

 

herrandarren-kalea

Bizikleta bidea sortuko dute Herrandarren kalean.




Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago