Prozesu luze eta eztabaidatsua izan da, eta azkenean badirudi erdiko puntu batera iritsi direla haren prestaketan parte hartu duten teknikari, politikari eta gizarte eragileak.
Oro har badirudi bizikletarentzako araudi ona izango da, lehen debekatuta zeuden jokabide asko onartu baitira; hala ere, eztabaida gehien eragin dituen aldaketa, oinezkoen kaleetatik eta espaloietatik bizikleten mugimenduak mugatzea, ez dirudi gustukoa izango denik orain arte espaloietatik ibiltzera ohitu diren txirrindulari askorentzat.
Gero eta gehiago dira bizikleta bidea duten kaleak, eta aurten ere berriak egingo omen dira, esaterako Herrandarren kale osoan zehar luzatuko dena. Hala ere, Udalaren iritziz ez da posible kale guztietan bidegorriak egitea, ezta beharrezkoa ere, Gasteizko Mugikortasuna Planaren arabera auzo barruetako kale askok autoen oso zirkulazio gutxi baitute eta horietan ez baita bizikletentzako espazio berezirik sortuko. Horren ordez, motordun ibilgailuen zirkulazioa lasaitzeko neurriak hartuko dira, “superetxadiak” deitu dituzten eskemaren arabera.
Beraz, oraindik aurrera txirrindulariek kontuan izan beharko dute espaloiak oinezkoenak direla, eta bizikleta biderik ez duten eta espaloiak 3 metro libre baino gutxiago duten kaleetan beraien tokia galtzada izan beharko dela.
Honako hauek dira neurri nagusiak:
- Hiriko kaleetako zirkulazioa lasaitzeko eta horrela bizikletek zein oinezkoek segurtasun gehiago eduki dezaten, 30 km/h-ko gehieneko abiadura ezarriko da autoentzako zentzu bakarreko errei bakarra duten kale guztietan eta, kalea bi zentzukoa bada, zentzu bakoitzerako errei bakarra dutenetan. Plataforma bakarreko kaleetan (Alde Zaharreko asko, Errioxa kalea, etab.) gehieneko abiadura 20 km/h-koa izango da.
- Debekatuta egongo da espaloietatik eta oinezkoen kaleetatik bizikletaz joatea. Soilik baimenduko da hiru baldintzetan: alkateak dekretu bidez hala baimentzen duenean; eta dekretu horretan esandako kaleez aparte, espaloiak edo kaleak 3 metro libre baino gehiago dituenean (zuhaitzek, eserlekuek edo paperontziek betetzen duten lekua kendu ondoren); eta 14 urtetik beherako haur bat denean edo harekin doazen helduan direnean. Aldiz, debekatuta egongo da oinezkoen esparruetatik bizikletaz ibiltzea kaleak bizikletentzako bideren bat duenean edo trafikoa lasaitzeko neurriak ezarri direnean.
- Aurrekoarekin lotuta, alkatearen dekretuak ordutegiak ezarriko omen ditu oinezkoen zenbait kaletan ordu jakin batzuetan bizikletak baimentzeko, oinezkoen dentsitate handia duten erdiguneko kaleetan batez ere.
- Bizikletak ez dira derrigortuta egongo unean-unean erabiltzen ari diren erreiaren eskuinetik joatera, erditik ere joan ahal izango dute. Atzetik datozen autoek ezingo dute aurreratu, kaleak errei bakarra badauka eta metro eta erdiko distantzia ezin badute utzi autoaren eta bizikletaren artean.
- Errei bat baino gehiago dituzten kaleetan, bizikletek ez dute derrigorrez eskuineko erreia erabili beharko: norantz joan nahi duten kontuan hartuta (adibidez, ezkerrera biratu nahi badute), beste edozein erabili ahal izango dute.
- Bizikletek atoiak eta aulkiak eraman ahal izango dituzte. Orain arte ez ziren legezkoak halakoak.
- Zenbait kaletan bizikletak autoen kontrako zentzuan joan daitezen ahalbidetu ahal izango da. Arau hau Alde Zaharreko zenbait kaletan ezarriko da seguruenik. Antepara kaleak, esaterako, dagoeneko ahalbidetzen die txirrindulariei autoen kontrako noranzkoan joaten.
- Autobus bideetan eta tranbiaren kaleetan bizikletak ibil daitezen ahalbidetu ahal izango da. Tranbiaren kasuan, ia seguru Alaba Jeneralaren kalean eta Independentzia kalean onartuko dela; autobus bideen kasuan, badirudi banan-banan aztertuko dela bizikletak onartu ala ez.
- Bizikletak ezin izango dira zuhaitz edo beste elementu bizidunetan lotu. Farola eta antzekoetara lotu ahal izango da, baina soilik bizikletentzako aparkalekurik ez badago hurbil.
Aipatutakoez gain, ordenantzak baditu beste aldaketa txikiago batzuk. Nahi duen orok Udalaren webgunean kontsulta dezake.
Egilea: Asier Sarasua
Hainbat urtez bizikleten joan-etorriak beste modu batera erregulatzeko ordenantza berria izango genuela gora eta behera ibili ondoren, datorren