Ez die ingurukoei ezer esan nahi, eta irakurleek ere ez dute jakingo zehazki zer duen; Peru mutilagunak baldin badaki, elkarrekin bizi direlako da, ez beste ezergatik. Beldurrak hartuta bizi da Martina, ez da Peruren galderei erantzuteko gai, ezta amari hitz egiteko gai ere. Zerbait gertatzen ari zaiola badaki, nabaritzen du, ez daki ordea zer. Dakien bakarra, ez duela birramona izan zuen Vera bezala psikiatrikoan amaitu nahi. Peru ahal duen guztian laguntzen saiatuko da, eta azkenean psikologoarengana joateko konbentzituko du. Horixe dugu liburuaren lehen zatia. Idazmoldeari dagokionez, aldiz, bigarren pertsonan idatzita dago, eta bost ataletan banatuta, izenburu guztiek trantzeren baten izena dutelarik. Esaldiak laburrak dira oro har, eta horrek bizkortu egiten du kontakizuna. Elkarrizketak ere motzak eta arinak dira, zuzenak.
Eleberriaren bigarren zatian pertsonaia aldatu, eta Vera birramonaren ahotsa izango dugu kontakizunaren gidari. Martinari zuzentzen zaio Vera, lehen pertsonan; era horretan Martinak pixkanaka-pixkanaka jakingo du zerk eraman zuen birramona psikiatrikora berrogeigarren hamarkadan, bai eta bertan zer bizi izan zuen ere. Horrela izango du Martinak, azkenik, familiako sekretu ezkutuaren berri. Izan ere, idazleak berak bere birramonari psikiatrikora egindako bisitaldiak dira eleberriaren oinarria: hain zuzen ere, bisitaldion kari interesa areagotu eta birramona zein emakumeen eta psikiatriaren arteko loturaz ikertzen hasi zen Itxaso Martin. Martina narratzaile duen zatia legez, Veraren zatia ere intentsitate handiz kontaturik dago, eta irakurtzen jarraitzera bultzatuko gaitu etengabe.
Itxaso Martin Donostian (Gipuzkoa) jaio zen 1981ean. Ikus-entzunezko komunikazoan eta Gizarte eta kultur antropologian lizentziatua, doktorego-tesia egin du emakumea eta psikiatria gaiaren inguruan. Irratian nahiz telebistan ere aritua da. Hauxe du lehen eleberria.
FITXA TEKNIKOA
Izenburua: ni, Vera
Idazlea: Itxaso Martin
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2012
Orrialde-kopurua: 208
Egilea: Adriano De Mata
Ez dakizu idazten ari zaren horrek zentzurik izango ote duen. Dardarizoak ordenadoreko teklak bete-betean zanpatzea eragozten dizu.