Iratxe Olazabal, mailu jaurtitzailea: “Oso kirol gogorra da, banaka egiten diren kirol guztiak bezala”

hirinet 2014ko urt. 28a, 01:00

iratxe_olazabalIratxe Olazabal mailu-jaurtitzaile profesionala izandakoa da. Bilbotarra jaiotzez, urte batzuk daramatza Bastidan bizitzen, eta ondoko eskola batean egiten du lan Lehen Hezkuntzako irakasle moduan.

 

Berea da oraindik emakumeen Euskadiko errekorra, 55,48 metrotan dagoena eta Estatu mailako historian hogei marka hoberen artean egondakoa. Gaur egun, 33 urterekin, ez du maila profesionalean jarraitzen, baina lehiatzen jarraitzen du. Bere lanean topatzen dut, bazkal orduan. Maite duen kirolari buruz hitz egiten hastea ez zaio batere kostatzen.


Noiz hasi zinen mailu jaurtiketan?

Zortzi urterekin atletismoa egiten hasi nintzen, eta bertako diziplina guztiak frogatu ondoren, mailu-jaurtiketa aukeratu nuen. 12 urte nituen aukeraketa egin nuenean.


Orain dela urte batzuk txapelketetan parte hartzeari utzi zenion. Zergatik?

Lesioak zirela eta utzi nuen. 17 urte jarraian egunero entrenatzen eta lehiatzen zarenean, lesioak gertatzen dira, eta horiek ondo entrenatzea galerazten dizute. Oso frustragarria da lan hori guztia egitea eta zure marka ezin duzula hobetu ikustea, aurrera egiten ez duzula ikustea... Ezin duzunean ondo entrenatu, ez du merezi lehiatzen jarraitzea.


Baina pasa den urtean berriro hartu zenuen, modu lasaiago batean.  

Bai, pasa den urtean bueltatu nintzen, lehiatzea asko gustatzen zait. Helburua, printzipioz, ondo pasatzea eta forma mantentzea zen, baina gauzak ondo atera ziren eta azkenean Euskal Selekzioarekin joateko gai izan nintzen. Espainia mailan ez dut inoiz podiuma iristeko aukerarik izango, baina Euskadi mailan oraindik lekua dago niretzat.


Zeintzuk dira aurtengo helburuak?

Printzipioz, ondo pasatzea, baina pasa den urtean hori zen helburua ere, eta begira. Ikusiko dugu nola doan urtea.


17 urte asko dira. Zer eman dizu mailu jaurtiketak? zeintzuk dira zure oroitzapen hoberenak? Eta txarrenak?

Eman didan hoberena ezagutu dudan jendea izan da. Bidaiak, jende desberdina... Hori polita da. Momenturik hoberena Euskadiko markarik hoberena lortzea izan zen, baita irabazitako txapelketa guztiak. Momenturik okerrenak lesioekin erlazionatuta daude, noski. Batzuetan gertatzen da asko saiatzen zarela, ondo entrenatzen duzula eta gero txapelketaren marka ez da batere ona. Hori oso frustragarria da ere.


Nola ikusten duzu mailu-jaurtiketa maila Euskadin gaur egun?

Ikusten dudana datorren belaunaldiak oso onak direla da. Gure gazteak gogor jotzen ari dira, gaur egun neskatila bat dago 52 metroko marka daukana 3 kiloko mailuarekin [profesionalena 4 kilokoa da]. Etorkizun ona dago, bai.


Lehen Hezkuntzako 3.mailako irakaslea zara. Zure ikasleak animatu zenituzke mailu-jaurtiketan aritzeko?

[Zalantzan geratzen da apur batean] Oso kirol gogorra da, banaka egiten diren kirol guztiak bezala. Egun asko entrenatu behar dira, oso lan handia egin behar duzu... Bai, imajinatzen dut gomendatuko niela, baina ez da kirol erraza. Hala ere, gauza on asko eman dizkit, eta hori nirekin eramango dut beti.

 

Egilea: Ruth Ibañez

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide