Gasteizko euskaltzaleak martxan (hitzordu berriak)

hirinet 2014ko urtarrilaren 21a

gasteizko_euskaltzaleok behar zaitugu!Pasa den urtarrilaren 17an GEU elkarteak 2014an aurrera eraman nahi dituen egitasmoen berri emateko bilera irekia antolatu zuen.

 

GEUko bazkideak ez ezik, Gasteizen euskararen alde harri koskorra jarri nahi duten euskaltzale guztiak gonbidatuta zeuden eta deialdiak lortu zuen harreragatik, Gasteizen euskararen alde lan egiteko prest dagoen jendea egon badagoela agerian geratu zen. Izan ere, ostiraleko bileran 50 lagun inguru bertaratu ziren eta beste hainbestek proiektu berrien inguruko informazioa jasotzeko interesa agertu zuten.


Lau dira GEU elkarteak 2014an martxan jarri eta indartu nahi dituen egitasmoak eta horretarako, dinamika edo lantalde ezberdinak sortu nahi ditu.


 

ARABAKO EUSKARAZKO ALDIZKARIA

2009an GEU elkartetik kudeatzen genuen GEU aldizkaria desagertu zenetik, Araba mailako euskarazko paperekoa argitaratzeko ahaleginak egin ditugu. Hausnarketa sakon baten ostean, komunikazio-proiektu berria abiatu genuen 2012an: www.hirinet.net. Proiektu berri honekin batera, Hiri aldizkaria argitaratzea aurreikusten genuen, baina bideragarritasun ekonomikoaren inguruko zailtasunek paperekoa geroko uztera behartu gintuen, tamalez. Gauzak horrela, arabarrok euskara hutsezko eskaintza informatiboa behar eta merezi dugulako, Arabako euskarazko aldizkaria martxan jarri nahi dugu. Horretarako, papereko hau sortzeko dauden aukera ezberdinak aztertzeko lantaldea osatuko dugu. Dinamika honen eginkizunak honakoak izango dira: Aldizkariaren izaera definitzea (bideragarritasun ekonomikoa, tirada, izena, edukiak…), aukera ezberdinak aztertzea eta ekarpenak egitea.


 

EUSKARALAGUNAK

Euskaralagunak euskararen alde bere harri koskorra jartzeko prest dauden boluntarioen poltsa osatzeko proiektua da. Gasteizen euskalgintzaren alde eragile ezberdinek antolatzen ditugun jardueretan modu puntual batean laguntzeko prest dauden boluntarioak lortzea du helburu. Orain sortu nahi dugun lantaldearen zeregina boluntarioen poltsa hau osatzea izango litzateke. Horretarako hauek izango dira dinamika honen eginkizunak: Euskaralgunen poltsa diseinatzea (ezaugarriak, baldintzak, materialak…), komunikazio kanpainak egitea , Euskaralagunen sarea dinamizatzea (jaiak, topaketak…).


 

HIRINET FM IRRATSAIOA

GEU elkartetik asteazkenero Hirinet FM euskarazko irratsaioa egiten dugu Radio Vitorian euskara txertatzen joateko. Saio hau egiteko, lantalde aktiboa osatu nahi dugu eta irratsaioan parte hartzeko prest egon zaitezketen pertsonen bila gabiltza, besteak beste, esatari gisa aritzeko, kolaborazioak grabatzeko, produkzio lanak errazteko edota Gasteizko euskarazko irratsaio honi bizia emango dion beste edozein lanerako. Hauek izango dira dinamikaren eginkizunak: irratsaioen ekoizpena (lokuzioa, produkzioa…), irratsaioa ezagutarazteko kanpainak...


GASTEIZEN AISIALDIA EUSKARAZ sustatzeko lantaldea 

Gasteizen aisialdian eragin behar dugu. Izan ere, egoera berri baten aurrean gaude: Gasteizko umeen % 40,35 D ereduan dago, % 40,82, aldiz, B ereduan. Horrekin batera, gero eta guraso gehiago dira euskaldunak, elebidun hartzaileak edo bikote mistoak. Bestetik, eskolak bakarrik ezin du euskararen erabilera bermatu eta horregatik, errefortzua behar dela uste dugu. Egungo eskaintza euskalduna oso mugatua dela kontuan hartuz, Gasteizko aisialdi antolatuaren egungo errealitateari buelta bat ematea da helburua eta honen gaineko iritzi trukea bideratu nahi dugu. Hauek izango dira dinamika honen eginkizunak: Garrantzitsua da aisialdia?, aukera eta behar berriak aztertu, daukaguna indartu eta behar duguna sortu.

 

 

Dinamika hauetako baten batean parte hartzera animatuko al zara?


HITZORDUAK


Aldizkari berria: urtarrilaren 30ean, ostegunean, 18.30etan Landatxo Gizarte Etxean (El Campillo).

Euskaralagunak: urtarrilaren 31n, ostiralean, 18.30etan Landatxo Gizarte Etxean (El Campillo).

 

Hirinet FM irratsaioa egiteko lantaldea: otsailaren 6an, ostegunean, 18.30etan GEU elkartearen bulegoan. (Rogelia de Alvaro elkarteen etxean C eraikina 1.1.bulegoa, Panama kalean)  Google maps-en: http://goo.gl/maps/H3NUy

 

Gasteizen aisialdia euskaraz sustatzeko talde irekia: otsailaren 10ean, astelehenean, 18.30etan Landatxo Gizarte Etxean. (El Campillo).


BIGARREN_BILERA_HITZORDUAK

 

 

 


Informazio gehiago jasotzeko: erredakzioa@hirinet.net

 



 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago