Elkartasuna konpromiso bihurtu nahi du giza kateak

hirinet 2014ko urtarrilaren 22a

giza_katea_gasteizko_harresiaGasteizko Harresiak erronka berria plazaratu du larunbat honetarako. Giza kate baten bitartez Gasteizko Auzitegiak, Parlamentua, Gobernu Ordezkariordetza, Udaletxea eta Foru enparantza lotu nahi dituzte. Guztira, 3.000 lagun elkartu nahi dituzte 3 kilometrotako elkartasunez beteriko  ibilbidea jendez lepo agertu dadin.

 

Agerraldi publikoan azaldu duten moduan, ‘salbuespenezko politikek aldarrikapenak errotik moztea beste helbururik ez dute’, horregatik, Gasteizko Harresiarentzat lehentasuna izan da gizarte eragileekin elkarlanean aritzea. Honen harira, gogora ekarri dute espetxeratu berri dituzten Goizane Pinedo eta Unai Ruiz Pou, hiru hilabetez ezkutuan egon ostean Gasteizko erdialdean kateatu eta milaka lagunen aurrean atxilotuak izan zirenak. Modu berean, Segiren kontrako epaiketan zein herriko tabernen auzian epaituak izaten ari direnak ekarri dituzte gogora.


Zentzu honetan, giza katera salbuespen neurri hauek guztiak eskubide zibil eta politikoen urratzaile direla salatzeko antolatu dute, baita inputatutako lagunei elkartasuna adierazteko ere. ‘Administrazio zein gobernuek darabiltzaten politiken aurrean gure desadostasuna adierazteko edota amesten ditugun errealitateen alde lan egiteko beharrezkoak ditugun baliabideak ukatzen dizkigutelako’, gehitu dute.


Larunbateko giza katera batzeko nahikoa izango da arratsaldeko 19.00etan aipatutako bost puntuetariko batean agertzea. Hala ere, gomendatzen dute zuzenean Auzitegietara joatea, katea ahalik eta moduz azkar eta errazenean osatzeko. Herri mugimendu honen bereizgarria den kolore laranja jantzita eramatera gonbidatzen dituzte herritarrak.


Entzun hemen Hirinet FM irratsaioan Gasteizko Harresiko Igorri egindako elkarrizketa:


{mp3}elkarrizketa_gasteizko_harresia{/mp3}

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago