Maiderrek ez daki gutxi, baldin eta belatxingak zer diren baldin badaki, naturari bizkar emanda bizi garen garaiotan. Eta izenarekin ere asmatu duela esango nuke, «belatxiki» esaten baitzaio euskaraz haren arreta erakarri duen korbido txiki eta bitxiari (gaztelaniaz, grajilla).
Erraza da ezagutzen, batik bat gure parajeetan hirietako bizimodua gustokoa duen korbido bakarra delako (mika kenduta; baina horrekin nahasterik ez dago, mika txuri-beltza delako). Itxurari dagokionez, kokote grisa eta begietako iris txuria dira haren ezaugarri nagusiak. Ohiturei erreparatuta, bestalde, haren izaera taldekoia eta zaratatsua azpimarratu beharko litzateke.
Hirineteko orriotara ekartzeko arrazoi garrantzitsuena belatxikiaren gasteiztartasuna da, nolabait esateko, eta haren bakantasuna ere bai. Estatu mailan urtez urte egiten diren hegaztien zentsoek erakusten dutenez, txori mota guztien artean gainbehera azkarrena duten espezieetako bat dugu belatxikia (enara arruntarekin batera, bide batez esanda). Zehazki, % -43, 6ko beherakada izan du 1998tik hona, eta datu hori oso kezkagarria da, % 30etik gorako galera duten espezieak “kaltebera” kategorian sartzen baitira Espainiako hegaztien Liburu Gorria-ren sailkapenean. Araban ere errekorra du: azken hogei urteetan gehien urritu den hegaztia da.
Esan bezala, belatxikia geure-geurea dugu, Gasteizko kolonia txikia kenduta, nekez ikusten baita EAEko gainerako lurraldeetan. Pentsatu izan dut Hiriburu Berdearen maskota perfektua izan zitekeela, Donostiako Igeldoko igeltxoa bezala. Imajinatzen, autobusetan eta abarretan haren irudia greentasunaren identifikazio gisa? Ez, ezta? Korbidoek beti izan duten fama txarra kontra du, noski.
Nire behatoki gogokoena Andre Mari Zuriaren Plaza da, Loma Jeneralaren plazarekin bat egiten duen tokian. Mentiron tabernaren gaineko teilatuan ondo baino hobeto ikusten dira belatxikiok. Hurrengoan handik pasatzen zarenean, begiratu gorantz, badaezpada.
Kia! Kia!
Egilea: Martin Rezola