Belako: “Ez dago arrakastarako sekreturik. Gauzak ondo egiten saiatzen gara”

hirinet 2014ko urtarrilaren 20a

belako_eurie19 eta 22 urte bitarteko  Josu, Lander, Lore eta Cris gazteek osatzen dute Belako taldea. 2011an Gaztea maketa lehiaketa irabazi zutenetik geldiezina izan da laukote mungiarrak lortutako arrakasta.

Izan ere, BBK Live edo Donostiako Jazzaldian taularatu dira, besteak beste. "New wave" britaniarra aitzakitzat hartuz, punk-rock doinu gordinak zein gaur egungo melodia elektroniko beroak eskaintzen dituen Belako taldea elkarrizketatu dugu.


Azken boladan, etenik gabe ematen ari zarete kontzertuak, ez bakarrik Euskal Herrian, baita mugatik gaindi ere. Nola daramazue hau guztia? Nekatuta dagoeneko?

Ba bai. Oso gustura, baina nekatuta ere. Orain, geldialdi txiki bat egingo dugu. Kontzertu batzuk ere badauzkagu, baina lasaiago ibiliko gara.


Iazko martxoan ‘Eurie’ diskoa kaleratu eta gauzak patxadaz hartu nahi zenutela esan zenuten, baina zuen arrakasta sekulakoa izan da eta Belako izena gero eta gehiago entzuten da. Zein izaten ari da zuen arrakasta honen sekretua?

Ez dago sekreturik. Gauzak ondo egiten saiatzen gara, eta asko ikasten. Hori bereziki. Eszenatokian oso ongi pasatzen dugu eta hori transmititzen saiatzen gara soilik. Asko daukagu ikasteko eta hobetzeko.


Nola sortu zen Belako?

Belako 2011ko maiatzean sortu zen. Josu eta Lore neba-arrebekin. Beranduago, Cris eta Lander sartu ziren taldean, horrela laukotea osatzeko. Hasiera batean, ondo pasatzea zen ideia nagusia, orain bezala, baina orduan ez genuen hain serio hartzen. Nirvana edo Pixies-en bertsioak egiten genituen.


belako2Gazteak zarete oso, baina zuen musika heldua eta zaindua da. Nondik edaten du Belakok?

Gure gurasoengandik etortzen da influentzia. Beraiek erakutsi diguten musikagatik. Gehiengoa, 80 edo 90. hamarkadetako musika da, . Joy Division, Pixies edo Sonic Youth bezalako taldeak.


Rolling Stone aldizkarian post-punkaren oraina eta iragana bezala definitu zuten egiten duzuen musika. Ados horrekin?

Bueno, baliteke horrelako zerbait izatea. Iraganeko post-punka egiten dugu, baina oraingo musika aparte utzi gabe; geroz eta elektronikoagoak bihurtzen ari gara. Lehengo musika dugu base moduan, baina ez dugu han geratu nahi. Soinu elektronikoa ere bilatzen dugu, horrela nahasketa moduko bat eginez.


Zuen abesti gehienak ingelesez dira, baina euskarak ere badu tartetxoa. Zergatik erabaki hau?

Entzuten dugun musika gehiena, edo guztia, ingelesez da. Beraz, guk horrela egiten ditugu abestiak. Horrela ateratzen zaigu. Euskara ere erabiltzen dugu, gure ama-hizkuntza delako.


Elvis Costeloren teloneroak izan ostean, Crystal Fighters taldearekin jo zenuten Zugarramurdin. Nola egiten zaie aurre horrelako erronkei?

Bai, eta hauekin, Espainiatik biraka ibili ginen! Oso esperientzia politak izan ziren eta asko ikasi genuen. Hasiera beldurra edo urduritasuna sentitu genuen. Baina, hasieratik hain ondo pasa genuen, ezinezkoa zen gaizki pasatzea. Azkenean dena oso ongi irten zen.


Eta zein talderen teloneroak izatea gustatuko litzaizueke?

Buff.. talde askorenak egia esan. Aukeratu behar izango bagenu, Yeah Yeah Yeahs taldea aukeratuko genuke.

 

Nola aurkezten zaizkizue hurrengo hilabeteak, kontzertu gehiago emateko asmorik?

Ba bai. Kontzerturen bat badaukagu, baina ez gara horretan zentratuko. Kanta berriak egiten eta grabatzen hasiko gara. Ez dago presarik.


Zuen diskoa martxoan kaleratu zenuten, baina abesti berriren bat ere atera duzue azken hilabeteetan. Noizko bigarren disko bat?

Bigarren diskoa baino, EP bat atera nahi dugu. Martxotik ez gara gelditu, eta udarari begira, EP txiki bat ateratzekotan gaude, Udarako festibalen aurkezpen moduan.

 


Nor da nor Belakon?

Josu Billelabeitia, 22 urte: “Pianoarekin hasi nintzen, eta gero gitarra aukeratu nuen. The Clash edo Joy division taldeak gustatzen zaizkit. Eta oraingo musika elektronikoa ere”.

Lander Zalakain, 20 urte: “Ni ere pianoarekin hasi nintzen, nere ama, musikaria da, bibolinjolea. Ala ere, gero bateria aukeratu nuen. Led Zeppelin edo Sonic Youth taldeak gustatzen zaizkit. Baina oraingo musika asko ere entzuten dut.

Cristina Lizarraga, 21 urte: “Aita abeslaria da koro batean eta pianoa jotzen du. Horregatik hasi nintzen ni ere pianoa jotzen. Radiohead da nire talde gogokoena”.

Lore Billelabeitia, 19 urte: ”Denak bezala, pianoarekin hasi nintzen. Baju bat hartu nuen arte; asko gustatu zitzaidan, eta horrela orain arte, bajuarekin. Pixies edo Yeah Yeah Yeahs taldeak gustatzen zaizkit”.

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago