Odei Arregi, ‘Bapatean zirko’: “Gorputzak eta begiradak badute hizkuntza propioa”

hirinet 2014ko urtarrilaren 17a

bapateanzirko2Bapatean Zirko bat-batean sortu zen eta bat-batean hasi zuten bere bidaia, zirkoaren, antzerkiaren eta clownaren bideak deskubrituz.

 

Abentura horretan hainbat eskola eta irakaslekin teknika ezberdinak ikasi dituzte: clown, zirko, mimo, txotxongiloak, ipuin kontaketa, akrobaziak, trapezioa... Zirkoa eta umorezko antzerkia batuz sortu dituzte ikuskizunak. Bapatean Zirkoaren azken antzezlana ‘Baserriko porrusalda’ ‘150gr. Arte eszenikoak Villasuson’  jaialdian aurkeztu dute.


‘Baserriko porrusalda’ umorez betetako errezeta da. Txikientzat nahiz helduentzat egina dago. Nola lortzen duzue hain zaila den oreka hori, hau da, publiko guztietara heltzea?

Misterio bat da. Lan edo ideia berrien inguruan lanean hasten garenean ez dugu gehiegi pentsatzen horretan. Egiten goazen heinean, gorputza hartzen joan ahala argitzen doan zerbait da.

Baserriko porrusaldaren kasuan, merkatuetan egiteko lan bat bezala sortu zen, eta merkatuak mota guztietako jendez beteta daudenez, naturalena guztientzako moduko lan bat sortzea iruditu zitzaigun.

Gainera gure lanak oso bisualak izan ohi dira, beraz ez hizkuntza ez adina ez da izaten arazo. Itsuentzako lan bat egiten saiatzea hori beste kontu bat litzateke!


‘Baserriko porrusalda’, bai euskaraz bai gaztelaniaz antzezten duzue. Zergatik?

Egia esan, ez zen gure aukera izan. Bi hizkuntzetan egingo al genuen galdetu ziguten eta guk erronkari baietz. Gainera, ‘Baserriko porrusalda’ antzezlanean, testua ez da hain garrantzitsua. Ekintzak dauka indarra, beraz guretzat ez da oztopo bat izan gazteleraz ere egitea. Hala ere, euskarazko paseetan gehiago gozatu dugu, errazago ateratzen zaigulako eta euskaraz aritzea ikaragarri gustatzen zaigulako.


Euskaraz ala gaztelaniaz sortu zenuten lan hau?

Baserriko porrusalda’ lana euskaraz sortu genuen eta ez hori bakarrik, entsegu guztiak euskaraz egin genituen. 150Gr jaialdira arte ez genuen gazteleraz probatzeko aukerarik izan. Esperimentu polita izan da eta gustura gelditu gara emaitzarekin. Geure buruari erakutsi baitiogu, bi hizkuntzekin jolas egiteko gai garela. Hala ere, esan beharra dago, gaztelerazko bertsioak euskal kutsu ikaragarria duela, hau da, pertsonaiak gazteleraz ari diren euskaldunak izaten jarraitzen dutela.


bapateanzirkoAnder Lipus aktore eta dramaturgoak antzezlana bere jatorrizko bertsioan bakarrik taularatu behar dela uste du. Zer pentsatzen duzu horri buruz?

Ados nago eta ez nago aldi berean. Lipusek dioena ulertzen dut. Hizkuntza, antzezlanaren atal bat da, osotasuna ematen diona, eta berau aldatzeak antzezlana aldatzea esan nahi du erremediorik gabe, eszenografia aldatuko bagenio ere berdina gertatuko litzateke. Gainera, hizkuntza bakoitzak bere erritmoa eta soinuak ditu, baita esateko modu eta hitz joko propioak ere eta zaila da jatorrizkoa erabat errespetatzea, bidean zerbait galdu gabe. Bestalde ‘Baserriko porrusalda’ antzezlanaren kasuan, testua inprobisatu egiten dugu, egiten dugun aldi bakoitzean aldatuz. Publikoak, giroak edo gertaerek ematen diguten inpultsoari erantzunez sortzen ditugu elkarrizketak. Ondorioz antzezten dugun aldi oro sortzen ari garela esan genezake eta ikuspuntu horretatik begiratuz gero, bai euskarazkoa bai gaztelerazko biak direla jatorrizko bertsioak.


Oraindik, gure antzokietan euskaraz egindako antzerkiak oso presentzia gutxi dauka. Printzipal Antzokian, adibidez, oso nabarmena da. Zure ustez, nork dauka ardura gehien euskarazko sorkuntza bultzatzeko orduan? Publikoak, sortzaileek, instituzioek,...

Uste dut guztion lana dela. Batak bestea gabe ez daukala zereginik, nekagarria dela sortzea non erakutsi ez badago, eta tristea dela antolatzea inor joango ez bada ikustera. Baina instituzioek lan handia egin dezakete, zirkuituak sortuz, kalitatezko lanak eskainiz, publiko berriak sortuz...

Eta Araban behar ikaragarria dago, askotan euskarazko lan potente eta bikainak Arabatik pasa gabe gelditzen dira eta hori onartezina, tristea eta absurdoa da.


Umeentzako antzerkian, aldiz, euskarak pisu handiagoa du. Garrantzitsua da umeek antzerkia euskaraz ikustea. Ados zaude?

Umeek euskara beren bizitzako esparru guztietan erabil dezaketela sentitu behar dute, ez dela eskolan erabiltzeko bakarrik balio duen hizkuntza. Gainera euskara geurea eta bertakoa da, beraz ezinbestekoa da, txiki txikitatik, berarekin gozatzen, imajinatzen eta jolasten ikastea, eta antzerkia horretarako tresna bikaina dela ziur nago.


Umorea hizkuntza unibertsala da, gainera hitzik gabeko antzerkia egiten duzue askotan. Zeure lanak Euskal Herritik kanpo aurkezten dituzunean, ezberdina al da umorea ulertzeko modua?

Antzerki mutua asko gustatzen zaigu, guretzat txuri beltzezko argazkien modukoa da. Honekin zera esan nahi dut, ezaugarri bat kentzean besteek indar gehiago hartzen dutela. Gorputzak eta begiradak badute hizkuntza propioa, sarritan hitzak soberan dituena.  Antzezlanak Euskal Herritik kanpo erakustea beti da dibertigarria eta ezustekoz betea, leku bakoitzean ezberdin erreakzionatzen dute, eta horri adi egotea komeni da. Gure lanetan clown teknika erabiltzen dugu, teknika honetan begirada da ikuslea eta artistaren arteko zubia, eta momentuz joan garen leku guztietan zubi hau eraikitzeko gai izan gara. Baina egia da, leku bakoitzak, artistak deszifratu behar duen kode berezi bat duela, eta batzuetan hori ez da erreza izaten. Baina azkenean beti aurkitzen da modua, izan ere, nahiz eta kodeak aldatu umorea unibertsala da.


Informazioa gehiago: 'Bapatean zirko' web gunea 

 


Egilea: Alicia Albarrán

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago