… Capital

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2014ko urt. 17a, 09:27

Maialen Berasategi

Ene, zenbat lan.

Arabako eta EAEko hiriburu izatea ez aski, eta Europako Green bilakatu ginen (gintuzten) gero. Joan berri den urtearen amaieran, berriz, bazterrak belardiz bete ordez sabel-gibelak jan-edanez beteko omen dizkigun izendapena etorri zaigu (alde ederra!).

Baina gogorra behar du, zinez, halako beste turismo-kanpaina bat prestatu beharrak. Horregatik, errukiak jota-edo, laguntzea pentsatu dut. Nire aletxoa jartzea, albait bisitari gehien etor daitezen gure jaki eta edabe gozoen usainera. Beraz, Green horrek zer-nolako arrakasta izan zuen ikusita, pentsatu dut ona litzatekeela halako beste izenen bat asmatzea, Hiriburu Gastronomiko hutsa zozoegi gelditzen baita.


Ea, ba: behar dugu izen bat laburra, adierazgarria eta erakargarria, ia-ia eslogan gisa balioko duena; hots, ingelesez behar dugu izen bat (gure euskara bitxi folklorikoak ez du balio halako gauza serioetarako, eta gaztelania ere, nahiz eta izendapena Espainiako Estatuko kontu bat izan, gatzgabe samarra litzateke). Beraz, zer? Arabako Errioxa bertantxe dugula aprobetxatu, eta… Wine Capital? Ez dakit, ba... (mozkorkeriaren apologiarik ere ez da komeni). Bai, jakina erraza litzatekeela tuberkulu topikotu izendaezina erabiltzea, baina izan gaitezen originalxeagoak. Mmm. Sanprudentzioetako karakolak! Ez, ez, Snail Capital ere ez da oso izen txukuna (fonetikoki arriskutsuegia: Esne Kapital edo halako zerbait esango genioke azkenerako). Little Basques & Little Girls Capital ere (Vasquitos y Nesquitas), luzetxoegia, aukeran.


Hara! Uste dut badakidala. Azken batean, zer gara gu, nor gara gu? Babazorroak gara gu:

«Ladies & gentlemen, welcome to the Beansack Capital.»

Horra, izen duin eta biutiful askoa.

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago