Itxuraz, loturarik gabeko hiru istorio dira, edota hiru bidaia: Londonetik jaioterrira joango da Stuart; Naroa, Bartzelonatik abiatuta, Donostian, Hendaian nahiz Milanen izango da; Andreas Berlingo kaleetan barna ibiliko da, hiriz aldatu gabe. Bidaia ez baita soilik fisikoa, eta kasu honetan, hiru protagonistek egingo dute barne ibilbide berbera: orainaldiko kezkak, arazoak, larriminak gainditzen saiatzeko, iraganera begira jarriko dira, eta une horretara arteko erabakiak jarriko dituzte zalantzan.
Zalantza baita aurrera egiteko modu bakarra. Edo lehenengo urratsa, behintzat. Izan ere, zalantzak sortutako ziurgabetasunak damua ekarri ohi du berekin, eta damutasunak etorkizuneko erabakiak baldintzatzen ditu: egindako akatsak konponezinak direnez gero, bizitzak jarritako tranpa berberean ez erortzen saiatzen gara, bestelako erabakiak hartzen, beste bide batetik jotzen, ala ez?
FITXA TEKNIKOA
Izenburua: Damutzen ez direnak
Egilea: Itxaso Araque
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2012
Egilea: Nerea Gallastegi
Hiru pertsonaia: Stuart, Naroa eta Andreas. Hiru lanbide, hiru bizimoduren adierazle: exekutiboa, kazetaria eta arkitektoa. Hirurak hogeita hamar urteren bueltan, bizitzako erabakirik garrantzitsuenak hartuak izaten diren adinean, bizimodua bideratuta edo erdi-bideratuta izaten den bizitzako aroan.