Zenbat egunkari saltzen dira gaur egun Araban? Datu hori ezagutzeko, Espainiako hedabideek beraiek kudeatzen duten Introl enpresaren OJD datuak aztertu ditugu. Datuak 2009tik aurrerakoak dira eta 2013ko lehen neurketaraino doaz (OJDk urtean bi aldiz erregistratzen du egunkarien hedapena, horregatik ageri dira 2 datu urte bakoitzeko).
Arabako bi egunkarik soilik eskaintzen dituzte datuak publikoki OJDn, El Correok eta Diario de Noticias de Álavak. El Mundo eta El País egunkariek EAErako datuak ematen dituzte. Gara eta Berriaren datuak ez dira OJD bidez ikuskatzen.
Testuinguru apur bat emateko, 2000. urteko ikerketa baten arabera, 1997ko OJDko datuek zioten El Correok 133.014 ale saltzen zituela, El Diario Vascok 93.553, Deiak 24.000 inguru, El Mundok 22.857 eta El Paisek 11.368.
Hurrengo grafikoetan laburbilduta erakusten dira 2009 eta 2013 arteko datuak.
Lehen bi grafikoetan ikusten denez, bai El Correok bai Diario de Noticiasek beherakada nabarmena izan dute hiru urte horietan. Jaitsiera handiagoa izan da El Correoren kasurako, % 22,20 ale gutxiago saltzen baititu orain; alegia, urtean % 6,3 gutxiago saltzen du, eta itxura batean jaitsierak ez du etenik. Noticias taldeko Diario de Noticiasen kasuan, 2010a arte badirudi oraindik bere esparru ideologikoa betetzen ari zela, baina goia jo zuen 5.000 alerekin, eta ordutik hura ere jaisten ari da.
Bi egunkari horien arteko salmenta erlazioa begiratzen badugu, 2009an El Correok taloaren % 81,57 bazuen, 2013rako % 79,20ra jaitsi zen.
Beherako joera ez da Araban soilik gertatzen ari. Are gehiago, Hego Euskal Herriko beste herrialdeetan galerak handiagoak dira. Araban 2009arekin alderatuta egunkariak % 20 gutxiago erosten badira, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoan % 22 inguruan dago galera.
Hego Euskal Herriko egunkariak banan-banan aztertuta, nabarmena da El Mundo egunkariaren gainbehera, % 45 galdu baitu 3 urte eta erdian. Bigarren multzoan daude gainerako egunkari gehienak, % 25 eta % 22 artean galdu dutenak: El Correoren hiru edizioak (Gipuzkoa, Bizkaia, Araba), Diario de Navarra, Diario Vasco, Deia eta El País. Azkenik, “irabazleen” multzoan daude Noticias taldearen hiru egunkari: Nafarroako Diario de Noticias, Diario de Noticias de Álava eta Noticias de Gipuzkoa, %18 eta % 8 artean soilik galdu baitute.
Eta orain buelta gaitezen 1997ko datuetara. El Correo markaren pean saltzen diren egunkariek urte horretan 133.014 ale saltzen bazituzten, 2013an 84.440 saltzen dituzte, % 63,4; Diario Vascok orain 58.487 saltzen ditu, 1997ko datuarekin alderatuta % 62,5; Deiak 14.598 ale, hau da, 1997koekin alderatuta % 60,8; El Paisek 10.607, 1997koen %93,3; eta El Mundok 5.408 ale, 1997koen % 23,6.
Benetan, informazioa transmititzeko eta iritzi publikoa sortzeko moduak sakon aldatzen ari dira, eta agian ez da urruti egongo paperezko egunkari gutxi batzuk (edo batek ere ez) bizirik iraungo duen eguna.
Egilea: Asier Sarasua
Idatzizko egunkariak gainbeheran daudela azken hamarkadan entzuten ari garen zerbait da, eta 2008an krisi globala hasi zenetik are agerikoagoa omen da joera hori.