Amets Martinez, Tantaz Tanta: 'Euskal presoen giza eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, gizatasunezkoa eta gatazkaren konponbidean ezinbestekoa delako'

hirinet 2014ko urtarrilaren 10a

amets_martinez_tantaz_tanta‘Giza eskubideak, irtenbidea, bakea’ lelopean euskal presoak euskal herriratzea aldarrikatuko dute milaka pertsonek bihar Bilboko kaleetan barrena. Tantaz Tanta herri ekimenak Bilbo itsasoa bihurtu nahi du, dispertsioaren amaieraren aldeko olatu erraldoia sortuz.

 

Tantaz tanta beteriko itsasoa osatzea duzue helburu, zein da aldarrikapen nagusia?

Euskal presoak euskal herriratzea eskatuko dugu. Oinarrizko manifestuan, dispertsioaren amaieraren garrantzia azpimarratzen da, salbuespen egoera ororen bukaera, alegia. Zentzu honetan, preso gaixoen aferak ere garrantzi berezia dauka. Euskal presoen giza eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, gizatasunezkoa delako eta gatazkaren konponbidean ezinbesteko pausoa dela ulertzen dugulako.


Zeintzuk dira ezinbestean, Tantaz Tantaren ustez, eman beharreko pausuak konponketaren bidean?

Gatazkaren konponbidean aurrerapausoak emateko, ezinbestekoa da ondorioak aintzat hartzea. Alde anitzeko biktimak eragin ditu gatazkak eta hauen errekonozimendua eta erreparazioa aintzat hartuko duen bidea ezinbestekoa da. Bestalde, eta guk lantzen dugun esparruari dagokionez, egun ekidin ezineko gaia da preso politikoen egoera. Hauei aplikatzen zaien salbuespeneko neurri oro bertan behera geratzea beharrezkoa da, oinarrizko eskubideak errespetatzen hasiz.


Estatuen aldetik, dirudienez, ez dago honetarako ez borondaterik ezta beharrezko kultura demokratikorik ere, egiten dituzten mendeku adierazpenak kezkagarriak dira, Herriraren kontrako operazioa eta kriminalizazioa aski esanguratsua izan da zentzu honetan. Zer egin itxikeria honen aurrean? Herritargoak duen gaitasunean sinetsi eta gailenduko den dinamika erraldoia burutu behar dugula deritzogu guk. Bilbon osatzen dugun olatu hori eraginkortzea da gakoa.


Sakabanaketa oinarri duen espetxe politikak 25 urte beteko ditu aurten. Zer esan 25 urte hauen inguruan?

Sufrimendu gehiegi eragin duten kilometroz betetako urteak izan dira. Sakabanaketaren ondorioz 16 senide eta lagun hil egin dira urte hauetan guztietan eta ehunaka izan dira istripuak. Sakabanaketaren ondorioz eman izan dira espetxeetan isolamendu egoerak, jipoiak… Urruntzea ez baita soilik kilometroak tartean jartzea, neurri honek beste zenbait eskubide urraketa ekartzen ditu ondotik, amatasun eta aitatasun eskubidea zaildu, hizkuntza eskubidea, ikasteko eskubidea… Finean, ondo diseinatutako neurria da, presoa zigortzeko ez ezik herri oso bat zigortzeko balio izan duena. 25 urte hauek elkartasunez betetakoak izan dira ere, zenbaezinak dira bidaietan lagundu duten bolondresak, Mirentxinen lanean diharduen jende guztia, Etxerat elkartearen informazio eta elkartasun lana senide guztiekin…


Dudarik gabe, salaketaz beteriko urteak izan dira ere 25 urte hauek. Dispertsioarekiko aurkakotasuna erakutsi du herri honek instituzio desberdinen bitartez, milaka ekimen herritar eginez, abestien bitartez, elkartasun jaialdi erraldoiak, espetxeetara martxak, adierazpenak, manifestuak… Zorionez nekaezina da herri honen borondatea, irudimentsua eta indartsua.


Horren adibide, ideologia eta errealitate ezberdineko tantak biltzen dituen ekimena dugu Tantaz Tanta, ezta?

Horixe izan da asmoa ekimena abian jarri zenetik, oso oinarrizkoak diren aldarrikapen horiek konpartitzen dituen pertsona orok lekua izatea. Gernikan abiatu zen Tantaz Tanta ekimena, goiz horretako jarduna aberatsa izan zen eta batzen gaituena etorkizun hobe baten esperoa dela baieztatu zen. Horregatik, bereziki zaintzen ari gara aniztasun hori, Tantaz Tantak argi utzi du ez dela presoei babes politikoa emateko jaio, gatazkaren sufrimendu anitzak aintzat hartzen dituela eta horrexegatik gatazkaren ondorioen alorrean pausoak eman behar direla.


Pertsona edo tanta bakoitzaren protagonismoan eta jardunean oinarritu da kanpaina guztia, ez da siglen batuketa bat bilatu. Argi adierazi du ekimenak, biharko mobilizazioa ez dela alderdi politikoen arteko eztabaida sustatzeko erabiltzerik nahi. Jendarteak du egungo egoera aldatzeko giltza, pertsona bakoitzak bere esparrutik egin dezakeen ekarpen eta gaitasunean sinesten dugu. Parisek eta Madrilek iraganean iltzatu nahi dute herri hau, Euskal herriko instituzio eta erakunde desberdinek ez dute egun gaitasunik erakusten egoera aldatzeko, biharra jendarte zibilaren esku dago. tantaz_tanta_egitaraua


Bilbon izango da mobilizazio nazionala, baina aurretik tantarik pilatu al da Gasteizen ere?

Noski! Kanpaina guztia auzolan ikaragarria izan da. Eta Gasteizen, tanta bilketa egin izan da txoko desberdinetan. Errotan, Zabalganan, Salburun, ostiraletako elkarretaratzeetan, egoitza desberdinak… Araban dagoeneko 700 tantatik gora gara.


Bestalde, Gasteizen azaro eta abenduko azken ostiraletan ur-jauzi desberdinak burutu dira eta abendukoan lehena bikoiztea lortu genuen, Bilboko itsasoaren entsegu politak izan dira. 


Bilbora joateko autobusak ere antolatu dira, ba al dakizue zenbat irtengo diren Gasteiztik  eta Arabatik?

Baditugu orain arteko datuak baina ziur gara azken momentuan autobus zerrenda luzatu egingo dela, ohituak gaude azken unerako uzten eta… Elkarrizketa aprobetxatzen dugu jendeak txartela ahalik eta azkarren har dezan esateko, horrela zenbaketa orokorra egiteko.


Momentuz Gasteiztik 11 autobus daude beteta, Araba osotik 22 momentu honetan: Lautadatik, Legutio, Añana, Zigoitia, Urkabustaiz, Errioxa, Zuia, Mendialdea… www.arabakotantak.info webgunean autobus guztien informazio eguneratua aurki dezakezue.


Arratsaldeko manifestazioaz gain, goizean ere hainbat ekimen antolatu dira lau gune ezberdinetan. Zer egongo da?

Bai halaxe da, arratsaldekoa manifestazioa ez dela izango zehaztu nahi dugu. Ibilbidea senideek soilik egingo dute, bi puntu desberdinetatik olatuak sortuz. Haiek pasata, beste guztiok espazio guztia okupatu beharko dugu eta bi olatuek bat egitean, itsasoa osatuko dugu. Momentu hunkigarri eta ahaztezina izango da.


Egitarauari dagokionez, gune desberdinak egongo dira Areatzan goizeko 11.00etatik gaueko 23.00ak arte. Bertan txosnak, kontzertuak, material postuak, txikitxoentzako gune bereziak eta ederki bazkaltzeko aukera izango dugu. Beraz, goizetik joateko deialdia egiten dugu.

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago