70eko hamarkadan izan ziren hainbat gertaera gogora ekarri dituzue 77 diskoan. Zergatik?
Franco hil ondorengo garaia gogorra bezain bizia izan zen. Ziurtasun gutxiko urteak izan ziren 70ekoak, baina garai berri bat irekitzeko itxaropena handia zegoen. Bolada horretan gainera, aldarrikapenak eta borroka eremuak ugaldu egin ziren. Orduko prentsan erreparatzen baduzu, konturatuko zara orduantxe hasi zirela indartzen ekologismoa edota feminismoa. Oso zatikaturik egon arren, justizia, askatasun eta berdintasun goseak batzen zituen ezkertiar korronte denak. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekimenak ere ugaldu egin ziren bazter guztietan. Garai hartaz ezer gutxi genekien eta jakinmina piztu zitzaigun.
Zuen osabaren hilketa izan da oraingoan abiapuntua, baina beste lanetan ere Historia eta bizipen pertsonalak nahastu ohi ditu Bide Ertzean-ek. Errazago kontatzen al da historia gertaera pertsonaletatik abiatuta?
Historia kontatzea ez da gure funtzioa. Ezta historia idaztea ere. Gu ez gara saiakera egile, unibertsitateko irakasle, historialari. Gu, izatekotan, kantu-egile gara. Eta kantu bat gauza txikia da saiakera baten aurrean, ikasgai baten parean, historialari baten azalpenaren aldean. Baina gure kantu bakar batek jakinminik piztuko balu, eta disko honekin entzuleren bati 70eko hamarkadaz zerbait gehiago jakiteko grina piztuko balitzaio, asko poztuko ginateke.
Tamalez, XX. mendeko hainbat gatazkek eragin zuzena izan dute gure etxean. Modu tragikoan, gainera. Eta horrek nola edo hala eragiten dizu. Boligrafo batekin eta gitarra batekin idazteko joera baduzu, laster ala berandu agertuko da nonbaitetik. Gure kasuan behintzat, halaxe izan da.

Zeintzuk dira diskoan aipatzen dituzuen garai horretako bestelako gertaerak?
40 urteko gau beltzaren ondoren, 1977ko lehen hilabeteetan alderdi politikoak hasi ziren legeztatzen, ikurrina baimendu zen, Amnistia osoaren aldeko aldarrikapena ozena zen egun haietan... Oso garai bizia izan zen. Askatasuna, maitasuna, berdintasuna bizi eta gozatu nahi zuen gazteria izan zen ordukoa.
"Inkonformismo eta egarri baten garaiak ziren haiek", hori zioen Koldo Izagirre idazleak ‘Egarri egunak portualdean’ (Susa, 2011) liburuaren aurkezpenean. Zentzu horretan, kontzientzia politiko eta kultural handikoak izan ziren orduko gazte asko. Helburu batzuk lortuko ziren, beste batzuk ez. Ez zuten beti asmatuko. Baina jakin zuten historiak eskatzen zuen mailan egoten. “Gure huts guztiekin hor egon ginen", Koldo Izagirrek prentsaurreko berean esan zuenez.
Dena den, nostalgiatik baino, jakinminetik eta hausnarketatik gehiago dute kantu berri hauek.
Egun gertatzen direnekin zerikusirik al dute?
Zaila da bi garaiak alderatzea. Eta ez gara hori egitera ausartzen. 77ko garaia gogorra eta bizia izan zen. Era berean, itxaropen handia piztu zen Franco hil eta berehala. Orain ere, badirudi garai berri baten atarian gaudela. Itxaropentsua nonbait.
Orain gutxi hemen Gasteizen 1976 urteko martxoaren 3ko hilketen urtemuga izan da. Horren aipamenik egiten al da zuen diskoan?
Ba zuzenean, ez. Baina enbor bereko ezpalak dira. Azken batean, errepresio handiko urteak izan ziren ordukoak, 70ekoak, eta baita 80koak ere.
Segurtasun indarren gehiegikeriak ugari izan dira hemen. Orain, gatazkaren inbentarioa egiteko ordua iritsi dela ematen du. Baina ez dirudi balantza oso orekatua dagoenik. Errepresioaren ondorioez eta segurtasun indarren gehiegikeriez gutxi hitz egiten baita. Eta errepresioak ere min handia eragin du. Eta hildakoak utzi ditu. Eta horiek ere argitu beharko lirateke. Argituko ez direnez (barka gure etsipena), sikiera ez daitezela oharkabean pasa, ahanzturaren zulo beltzean erori, ezer gertatu izan ez balitz bezala.
Honako hau disko elektrikoena, desberdinena dela diozue. Zergatik?
Deabruak Teilatuetan taldean erabiltzen genuen Gibson gitarrarekin eta Marshall anpliarekin osatu genituen 77 diskoko lehen kantuak. Bestelako soinukera iradokitzen ziguten, eta bide horretatik segitzea deliberatu genuen.
Trio moduan grabatu dugu diskoa, Fran Iturbe eta Joserra Senperena gabe. Euren hutsunea betetzea ezinezkoa da. Baina bere txikitasunean ere, trio moduan, indarra zuten abestiek eta hiru izanik ere, Bide Ertzean izaten jarraitzen genuela uste genuen.
Ariketa gisa planteatu dugu. Baliabide artistiko gutxiagorekin, ia disko duin bat egiteko gai ote garen. Hori izan da aldaketaren arrazoi nagusia.

Desberdina ere grabatzeko modua. Urnietako Sarobe zentroan grabatzeak zer eman dio diskoari?
Lehen kantuak osatu genituenean, lokalera ekarri genuen Suso Saiz eta oso argi esan zigun. Kantu hauek ez zituela estudio batean grabatu nahi. Toki altu batean egin nahi zuela diskoa, antzoki moduko batean. Aretoaren akustika baliatu nahi zuela eta horretarako toki handi bat behar zuela.
70ekoetan egiten zen bezala grabatu dugu diskoa, taldea zuzenean joz. Horregatik grabatu ditugu kantu hauek Saroben, Urnietako Kulturgunean.
2013ko irailean kaleratu zenuten. Pozik jaso duen harrerarekin?
Duela sei hilabete plazaratu genuen diskoa, beraz, oraindik akaso goiz da balantze serio bat egiteko. Baina sei hilabeteotan kontzertu pilo bat eskaini dugu. Zuzenekoetan disko dezente saldu ditugu eta Durangoko Azokan ere ondo mugitu zen. Beraz, pozik ez, oso pozik gaude oraingoz. Eta batez ere, asmatu dugun susmoa dugu. Bai diskoaren mamia enfokatzeko moduarekin, eta baita trio gisa egin dugun apustuarekin ere.
Zer aurkituko dugu gasteiztarrok datorren martxoaren 20an Jimmy Jazzen eskainiko duzuen kontzertuan?
Hiru tipo eszenario gainean, diskoan jasotakoa zuzenean eskaintzeko gogo biziz. Beste diskoetako kantuak ere ekarriko ditugu gogora, noski.
Bide Ertzean talde tolosarrak 77 diskoa aurkeztera dator Gasteizera. 70eko hamarkadan begipuntuan jarri dute oraingoan Ubeda anaiek eta Karlos Aranzegik, “ziurtasun gutxiko urteak, baina garai berri bat irekitzeko itxaropena handia” baitzegoen. Datorren