Euskal gazteen emigrazioaren “alde ikustezina” azaleratu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak

hirinet 2014ko urtarrilaren 8a

sosgazteEuskadiko Gazteriaren Kontseiluak gazteen emigrazioaren “alde ilunak” aztertzen dituen proiektu baten emaitzak aurkeztu ditu, SOS Gazte: gazteen lan emigrazioa izenburuko txostenak biltzen dituena, hain zuzen.

“Atzerrira lan bila joatea prekarietateari aurre egiteko konponbide aproposa denaren ideia orokortu da eta, horren aurrean, gazteen emigrazioak zailtasunak eta eskubideen galerak eragiten dituen alde ikustezina duela” azaleratu nahi izan du gazte elkarteen topaguneak.


 

Erakundearen presidente Itsaso Anduezak azaldu duenez, “atzerrira joatea erabaki pertsonal guztiz onargarria da, baina gazteak kanpora irtetzera bultzatzea hemen ez garelako bere eskubideak bermatzeko gai, ez da hain onargarria”. Bozeramailearen hitzetan, “beste herrialde batera joatea esperientzia positiboa izan daiteke batzuentzat, baina beste kasu askotan gure gizartean gaur egun ikustezinak diren arazoak eta ondorio negatiboak eragin ditzake”. Zehaztu duenez, “emigratzea sarritan ez da hemen dugun lan prekarietateari aurre egiteko konponbide eraginkorra”. Izan ere, “askotan prekarietate hori lekuz aldatu eta luzatu baino ez du egiten, herrialde askotan enpleguak oso ezegonkorrak direlako, soldata baxuak ordaintzen dituztelako eta, horrez gain, bertan ere zaila delako etxebizitza duin baterako eskubidea gauzatzea”.


Beste arazo baten berri ere eman du EGK-k: “Kanpora doazen gazte asko bere hemengo erroldaren antzinatasuna galtzen dute eta, ondorioz, Euskadin dituzten hainbat eskubide galtzen dituzte ere, hala nola diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera, babes ofizialeko etxeetara sarbidea, etorkizuneko pentsiorako kotizazioa eta udal hauteskundeetan bozkatzeko aukera, batzuk aipatzearren”.

 

sosgazte2


Bestalde, herrialdearen arabera, “atzerrian hemen aitortzen zaizkigun (nahiz eta batzutan gauzatzen ez diren) eskubide asko galdu ditzakegula” ohartarazi du EGK-k, esaterako “berdintasuna, segurtasuna edo sexu askatasunerako eskubideak”.


Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak “itzal” gehiago antzeman ditu gazteen emigrazioari buruzko bere ikerketan. Besteak beste, “arazo burokratikoak (deportazioak adibidez), ondorio sozialak (familia mailan eta harreman afektiboetan), ondorio pertsonalak norberaren bizitza proiektu pertsonala eten behar izatearen ondorioz, hemen lan aukerak galtzea pertsona horren gizarte-ehuna eta kontaktu-sarea murriztu direlako eta bestelako eragin kaltegarriak, adibidez kanpoan burututako ikasketak ez baliozkotzea edo atzerrian egindako lanak ez aintzat hartzea”.


Egoera honen aurrean, Gazteriaren Kontseiluak hainbat proposamen helarazi dizkie instituzio publikoei. Lehenik eta behin, “gaizki ordaindutako praktikak eta enplegu-aukerak sortzen ez dituzten bekak bezalako neurri kaltegarriak sustatu beharrean, gazteentzat lan duinak sortuko dituzten enplegu planak” eskatu ditu. Bestalde, “hemen sufritzen ditugun arazoak konpontzeko kanpora alde egitea irtenbide magiko bat dela sinestarazi nahi diguten mezuen  aurrean”, gazteen emigrazioari buruzko “informazio erreala ematea” ezinbestekoa dela azpimarratu du EGK-k.


Beste eskakizun asko egin dizkio gazte-erakundeak Administrazioari: ikasketen homologazioa eta bestelako tramiteak erraztea, atzerrira doazen gazteek hemen dituzten eskubideak babesteko neurriak (osasun-txartela, diru-laguntzak jasotzeko aukera...), itzultzeko erraztasunak eta itzuli direnentzat arreta egokia, etab.


Hainbat izan dira EGK-k erabili dituen iturriak: hiritarrak emigrazioari buruzko iritzia ematera gonbidatzen dituen webgunea  (www.sosgazteak.org), gazte-topaketa edo emigratu duten euskal gazteei egindako elkarrizketak, besteak beste.


Txostena: #Sosgazte 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago