Legebiltzarrak Kontsumitzaileen eskubide linguistikoei buruzko Dekretua urardotu zuenetik bezero euskaldunak boluntarismoaren mendean gaudenez, enpresa handien apetaren txotxongilo, ESEPazioan galduta, interesgarria da ikustea nondik nora jotzen ari diren saltokiok. Zertzelada batzuk eman nahi nituzke, batere helburu zientifikorik gabe, nire inpresioak baino ez baitira.
BM berrira hurbiltzen denak harriduraz erreparatuko dio txartel, etiketa (ontzietakoa ez, dendak jarritakoa baizik) , paisaje linguistikoari oro har. Dena dago elebidun. Eta ez da hain harritzekoa, enpresa Hego Euskal Herriko lau probintzietan eta Errioxan eta Kantabrian hedatuta baitago. Beraz, esan liteke euskara begietatik sartzen dela. Begietatik bai, baina “belarrietatik” ez nintzateke ausartuko esatera, nire esperientzia laburrak erakutsitakoaren arabera (ordaintzeko kutxan Olatzekin tokatzen bazaizu, bai; bestela jai; jakina, Olatzek pin bat behar du paparrean).
Corte Inglésen aspaldi honetan gauzak aldatu direla esango nuke. Txartelak elebitan jarri zituzten aurrena; gero, megafonia ere euskaraz eta gaztelaniaz jarri zuten; eta zuzeneko harremanean ez da hain bitxia egiten gaur egun “piruliz” jantzitako saltzaile horietako batekin euskaraz normal egitea (lehengoan gertatu zitzaidan: “Musika goian dago?”, “Bai, laugarren solairuan”).
Carrefour da nire ustez txarrena. Nik ezagutzen dudan neurri laburrean, oraindik ez da ohartu bi hizkuntza ofizial dituen herri batean dagoela negozioa egiten. Gabon garaian gaudenez, ikatza berari emango nioke nik, Olentzero banintz.
Eta ikatza aipatu dudanez, izen bereko argazki-denda aipatu nahi nuke, azkenik. Hasieran pentsatzen nuen berak merezi zuela ikatza-saria, edo gorotza saria edo horrelako zerbait. Alde batetik, Ikatzek urte asko daramatzalako Gasteizen Écijan balego bezala publizitatea egiten, erdara hutsez, eta bestetik ez zaidalako batere gustatzen oraingo toki-aldaketa dela-eta denda zaharrean jarri duten irudia, benetan gustu txarrekoa. Baina ohartu naiz denda berrian hasi direla publizitatea euskaraz jartzen. Bazen garaia…
Egilea: Martin Rezola
