Horrela dute izena liburu honetako hamar atalek. Liburuaren izenburuak berak eta atalen izenek iradokitzen diguten moduan, magia eta lilura dira nagusi kontakizunean zehar. Hona hemen, labur-labur, istorioaren haria: Xia Tenzin, munduko gizonik altuena, munduko mendirik altuenean bizi da, Tibeten; hala ere, ezin du itsasorik ikusi, eta aitaren berririk ere ez du. Beraz, bidaia bati ekingo dio, arriskuz betetako bidaiari alegia, baina baita xarmaz, maltzurkeriaz eta misterioz blai izango den bidaiari ere. Zertarako-eta itsasoa ikusteko zein aitaren berri jakiteko. Lortuko ote du?
Alde batetik hizkuntza aberatsa, bizia, darabil Zubizarretak; eta, bestetik, zortzi urtetik aurrerako neska-mutikoentzat aproposa oso. Heldu zein haur, guztiek hartuko duzue gozatu ederra liburua irakurtzeaz bat: euskara ederra bidaide, Xia Tenzinekin abiatuko zarete itsasorantz, eta berarekin batera biziko abentura eta kalentura zirraragarriak. Azken finean, zer da ba irakurtzea, bidaia miresgarria ez bada? Erdu zu ere dantza, poema eta Jacobo Muñizen marrazki ederrak lagun atzerriko soinu, leku eta jende miresgarriez gozatzera, ez zaizu damutuko-eta!
Patxi Zubizarreta Ordizian (Gipuzkoa) jaio zen 1964an; egun Gasteizen bizi da. Liburu honekin haur-literaturako XX. Ala Delta saria irabazi zuen 2009. urtean. Hona hemen egilea, bere buruaz mintzo: «Izena dut laburra eta abizena luzea, nire luma ttikia da, baina honen tinta berdearekin istorio handiak eta Ibai Horia bezain bidaia luzeak idatz ditzaket. Hauxe nauzu 24 hitzetan.»
FITXA TEKNIKOA
Izenburua: Xia Tenzinen bidaia miresgarria
Idazlea: Patxi Zubizarreta
Marrazkilaria: Jacobo Muñiz
Argitaletxea: Ibaizabal
Urtea: 2009
Orrialde-kopurua: 91
Egilea: Adriano De Mata
Tximeleta euria, kristal euria, euri berdea, harri euria, apo eta suge euria, txinparta euria, malko euria, izar euria, istorio euria eta tximeleta euria.