Bueltatxo bat Azoka Plazatik

hirinet 2013ko abenduaren 23a

azokaplaza2Azken aldian Azoka Plazaren zaharberritzeak ekarriko dituen aldaketak ikusten ari gara Gasteizko hedabideetan. Goitik behera (zentzu literalean) aldatuko dituzte saltokiak eta Corte Inglesa sartuko da elefante bat euskal souvenirren denda batean bezala. Hain zuzen, pasa den ostiralean bertan berrireki zuten sotoko BM supermerkatu berria, Ane Igartibururen aurkezpen eta guzti.

 

Jendeak dio Plaza ez dela behinola izan zena, bezeroak galdu dituela eta geratzen direnak zaharrak baizik ez direla... Hala ere, baditu oso interesgarriak diren ezaugarriak, esaterako gure ingurune hurbilari lotutako produktuak, azoka ekologikoa goiko solairuan edo asteko azoka larunbatetan kalean.


azokaplaza1Ostegun eta larunbatetan batez ere Arabatik bertatik eta Nafarroatik datozen ekoizleak paratzen dute saltokitxoa sasoiko barazki eta frutak saltzeko. Beste batzuetan gazta edo ogia saltzen dute. Oso gozoa da Araiako gozotegitik ekartzen duten ogia, gari irinezkoa zein zekalezkoa edo mahaspasa eta intxaurrez hornitutakoa. Beraien palmeratxoek ere ospea dute. Fundamentuzko zerbait gehiago nahi izanez gero, Arbulun ekoizten dituzten Orondo txorizo eta solomo onduak primerakoak dira. Lehen azoka hori Plazaren aurreko gunean kokatzen zen, eta azkenaldian Santa Barbara plazan daude, berrikuntza lanak amaitzen diren arte.


Ogia erosi ondoren, barazki ekologikoen bila abiatzeko unea da. Azoka Plazaren barruan, goiko solairuan, produktu ekologikoa duten ekoizleak biltzen dituen Bertoko Merkatua dago. Duela urte gutxi jarri zuten abian, eta hasieran bospasei postu zeuden, baina gaur egun hiru geratzen dira. Herediako Juan Carlos Villar eta Erentxungo Ana Perez de Arriluzea bertan daude babarrunak, patatak, fruta eta uda eta udazkenean mota guztietako barazkiak saltzen.


Goazen bazkariaren plater nagusia prestatzeko osagaien bila, eta horretarako ezin geratu UAGAren gunea bisitatu gabe. Uagalur deitzen da, eta haragia, gazta eta garagardoa bezalakoak erosteko primerako tokia da. Ez joan bertatik Gorbeiako urarekin egindako Baias garagardoa erosi gabe, bikaina da! Lezeko Idiazabal gazta, moxal haragia, Orondo solomo ondua... saskia aste osorako betetzeko adina dago bertan.


Amaitzeko, ezin falta postrerako zerbait. Azokatik hurbil, Pio XII. kalean Igarri tabernaren alboan, bidezko merkataritzako denda dago. Astelehenetik ostiralera eta larunbat goizetan egoten da irekita, eta hor txokolatea, marmelada, azukrea, kafea eta tea eskura dezakegu, beste hainbat gauzaren artean.

 

azokaplaza3


Azoka Plaza eraberritua nola geratuko den ikusteko dago, baina beti izango da larunbat goiz baterako plan ona bertara hurbiltzea Arabako produktuekin eta elikagaien ekoizleekin harreman zuzena izateko.

 

 

 

 

 

 

 

Egilea: Asier Sarasua

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago