Gure auzoa ez da turismo-zulo, gordezulo baizik. Auzo hau ez da ederra, ez baitu eder izan nahi: aski du auzo bizi bat izanda.
Hori bai: edertu egiten da zenbaitetan gure auzo ez hain ederra; eguerdian, adibidez. Ordu horretan, errainu zein maluta, brearen zozoa pizten dute hamaika pausok, tipi-tapa, honako erosketa, harako mandatua. Etxekoandre(-gizon) batzuk poltsa eskuan, langabeak, txikiteroren bat; eta etxekoandre gehiago. Pozik ibiltzen naiz jende artean, ez naizelako bizi urrutiko auzo jaioberri hotz idor horietako batean. Zeinen ederrak diren sartu-irtenak: zeinen ederra zapata-denda bat izatea hemen, taberna bat hor, harategi bat han, eta burdindegi bat haraxeago. Giza ekosistema baten lagintxo bizi bat da gure auzoa, eta harro nago.
Gaur, espaloian barrena nindoala, neska batek esku-orri bat eman dit. Izenburua: “Auzoko merkataritza defenda dezagun!”. Erabat ados, uste osoz, baietz-baietz egin diot buruarekin neskari, esku-orria poltsikoan gorde eta hipermerkatu argitsura sartu baino lehenxeago.