‘Ilgora’ disko berri honekin taldearen “berezko eta behin betirako soinua” aurkitu duzuela diozue. Zein da, bada, soinu hori?
Ez dakigu horrenbesterako den, behin betirako soinua dela erratea beharbada sobera da. Hala ere egia da benetan hustu garela disko berri honekin eta aurkitu dugun soinu hori, hemendik aurrera ardatz bezala erabiliko dugula, hau da, bateria erritmo definituak eta kolpe zehatzak, baxu espansiboa eta indartsua eta bi gitarra benetan zorrotzak. Izen bat jartzea zaila da.

Aurreko bi diskoetan rocka, funka eta blues estilo ezberdinak nahastu dituzue. Nora jo duzue oraingoan?
Gehien bat 80 hamarkada bukaera eta 90 hamarkada hasieran egiten zen indie rock aldera jo dugu, azkenaldi honetan entzuten dugun musika delakoz eta natural moduan ateratzen delakoz.
‘Ilgora’ osatzen duten 10 kantak bakartasunaz, denboraren igaroaz eta kutsu soziala duten gaiez mintzatzen dira. Baina nola jorratu dituzue gai hauek?
Ahalik eta modu positiboenean dudarik gabe, baina gauzak diren bezala erranta. Hitzen erranaz haratago ere hitzak berak daukan soinua ere garrantzitsua da, hitza beraren sonoritatea, erranahitik haratago dituen sentsazioak probokatzeko kantuetan. Hitz xinpleak erabiltzen ditugu.
Nahasketak eta masterizazioa egiteko Karlos Osinagaren laguntza izan duzue. Nolakoa izan da kolaborazio hau?
Korreo elektroniko bidez jarri ginen berarekin kontaktuan, berak grabatutako diskoen soinua benetan erakargarria iruditzen zitzaigulako eta guretako erabat egokia zelako. Ia lan guztia internet bidez egin dugu. Nahasketarako ardatz nagusi bat konfiguratu ostean, bere kabuz egin zuen lan guztia eta azkeneko momentuan, arratsalde batean juntatu eta bukatu genuen lana. Kolaborazioa oso hurbilekoa izan da, lagunartean bezala ibili gara berarekin, benetan tipo majoa baita.
‘ Ilgora’ zuek auto-ekoiztu eta editatu duzue. Nola moldatu zarete?
Ezta horren prozesu zaila izan, azken finean atera ditugun disko guztiak gure kabuz egin ditugu eta badugu jada esperientzia. Gau egun Euskal Herri mailan geroz eta talde gehiagok jarraitzen dute modelo hau. Azaleko marrazkia Malmö Ilustration & Design-ek egin zuen Elizondon eta Iruñeko Peanut Letterpress-en inprimatu ditugu, eta guk tolestu eta itsatsi ditugu, lauren artean eta noski gure bikote eta lagunen kolaborazio ezinhobearekin! Lan gogorra da baina emaitza ikusgarria da.
Hortaz, emaitzarekin gustura…
Oso gustura! Inflexio puntua izan da guretako, reset antzeko bat. Hurrengo diskoa egiteko irrikatan gaude jada, pentsa....
Eta orain arte nolakoa izan da jendearen erantzuna?
Benetan ona. Ezagutzen zigutenei, direkzio aldaketa onek erakarri die, frexkura izugarria eman diola taldeari erraten digute, motibazio puntu beraientzako ere. Ezagutu berri digutenei asko gustatu zaie eta kontzertuetan nabaritzen hasi gara jendea oso gustura egoten dela.
Kaskezur taldearen kontzertua Parral Tabernan, abenduaren 17an, 20.30ean
Iñigok, Ainarak, Philippek eta Ionek osatzen dute ‘Ilgora’ diskoa kaleratu berri duen Kaskezur taldea.