"Genero-ariketak. Feminismoaren Subjektuak" liburuaren aurkezpena Sukubon

hirinet 2013ko abenduaren 12a

GeneroAriketak-azalaIratxe Retolazak, Amaia Alvarezek eta Kattalin Millerrek "Genero-Ariketak. Feminismoaren Subjektuak" liburua aurkeztuko dute abenduaren 14an Sukubo elkartearen egoitzan. Testu-bilduma dugu liburua eta bertan egile ezberdinak topatuko ditugu, hala nola, Amaia Alvarez Uria, Judith Butler, Virginie Despentes, Amaia-Aimar Elosegi, Mari Luz Esteban, Ainhoa Güemes, Medeak, Raquel (Lucas) Platero, Beatriz Preciado, Javier Sáez eta Itziar Ziga.

 

"Genero-Ariketak. Feminismoaren Subjektuak" gorputz ikusezinak ikusgarri egiteko urratsa baino ez da, isilarazitako gorputzei ahotsa emateko saio txiki bat baino ez. Horretarako, pentsamendu (trans)feministarantz hurbiltzen diren gogoetak eta ekarpenak bildu ditzute (subjektu feministak eta trans subjektuak bat-egitea dakar transfeminismoak). Horrekin batera, egileen esanetan, “ikusgarri egin nahi izan dugu, pertsona, jende, talde eta mugimendu ugariren kezka-iturri dela (trans)feminismoa”.

Liburuko parte-hartzaileei erreparatuta, gainera, esparru hauetan jorratu da, batez ere, feminismoaren subjektuen inguruko kezka: mugimendu feminista, unibertsitatea, artea eta literatura. Are gehiago, arlo horietan lanean diharduten pertsonek zein kolektiboek elkarguneak eta solasguneak eraiki dituzte, eta horien arteko zubi-lana sendotu eta areagotu egin da. “Egitasmo hau, azken batean, elkargune eta solasgune horien emaitza da, parte-hartzaileok mugimendu feminista, Jabekuntza Eskola eta Emakume Etxeetako sareetan ezagutu baitugu elkar”, diote.


Genero-ariketak liburuaren helburua ez da (trans)feminismoan ekarpen berriak egitea, ez eta testu esanguratsuenen bilduma egitea ere. “Gogoeta egiten lagundu diguten ahotsak ekarri nahi izan ditugu, gure artean tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak eta liburuak aurkezten izan diren feministak. Horregatik, esperientzia pertsonaletatik pentsamendurantz doan ibilbidea proposatu dugu. «Baina gorputzak dio» atalean, hitza eman diegu gorputz baztertuen ahotsei. Bigarren atalean, «Baina ispiluak dio» izenekoan, hausnarketa eta iruzkin (trans)feminista zenbait bildu ditugu, geure gorputza irudikatzeko ispilu berrietara jotzeko. Azkenik, «Baina pentsamenduak dio» ataleko testuek (trans)feminismoaren testuinguru eta eragin soziopolitikoez jarduten dute”, azaldu dute bilduma honen egileek.


Azken atal bat ere proposatu du bilduma honek, «Glosategia». Pentsamendu (trans)feministan giltzarri diren zenbait kontzeptu bildu dira atal horretan, liburuan garaturiko iritziak, gogoetak eta pentsamenduak laburbiltzeko, horietan sakontzeko edo horiek auzitan jartzeko.


Noiz? Abenduaren 14an, 12.30ean

Non? Sukubo elkartean (Kubo, 5)

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago