BloGazte lehiaketak Gasteizko euskarazko blogik onenak saritu ditu

hirinet 2014ko martxoaren 14a

Hirinet Gasteizko Euskaldunon Atariak BloGazte lehiaketaren sariak banatu ditu.

 

BloGazte Gasteizko gazte euskaldunei zuzendutako blog lehiaketa da eta Hirinet Gasteizko Euskaldunon atariak antolatu du, Vitoria-Gasteizko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean. Euskara, gazteak eta teknologia berriak batera sustatzea izan da lehiaketaren helburua, gazteen artean euskararen erabilera areagotzeko asmoz. 

 

 

 

Eneritz Duesoren Furyak.blogspot.com blogak Blog Pertsonalaren saria irabazi du. Danele Sarriugarteren eta Garazi Arrularen Elearazi.org blogak Taldeko Blogaren Saria jaso du eta Itxaso Diaz de Arcayaren Emekiemeki.blogspot.com.es blogak, aldiz, Publikoaren Saria eskuratu du, Hirinet.net-eko erabiltzaileek egindako bozketan garaile atera baita. Guztira, 600 euro banatu dira saritan.

 

 

 

 

Irabazleak

 

Eneritz Dueso irundarrak Blog Pertsonalaren Saria eskuratu du Furyak blogarekin. 21 urteko gazteak Euskal Ikasketetako gradua ikasten dihardu Gasteizen. Horrez gain, Kasernarat musika taldeko kide da eta Eneritz Furyak bezala ere aritzen da bakarlari. Literatur lehiaketa batzuetan ere jaso ditu sariak. Hala nola, Basauriko Euskarabila Elkartearen Ipuin Erotikoen Lehiaketako azken edizioan aurreneko saria eskuratu zuen.

 

Garazi Arrula eta Danele Sarriugarte gazteak, aldiz, Taldeko blogaren saria jaso duen Elearazi.org blogaren egileak dira. Garazi  Tafallan sortu zen 1987an. Atzerriko hizkuntzako irakasle-ikasketak egin zituen, Itzulpengintza eta interpretazioa lizentzia gero eta, azkenik, Hizkuntzalaritza masterra. BERRIAko Hirudia zutabea idazten du eta Arrasateko liburutegiko literatura-solasaldiak gidatzen ditu, besteak beste. Anaïs Ninen Venusen delta liburua euskaratu du, baita Genero-ariketak liburuko atal bat ere. Hainbat proiektutan jardun du itzultzaile edo hizkuntza-aholkulari, hala nola, hAUSnART aldizkarian eta Altaffaylla kultur elkarteko argitalpenetan.

Danele Sarriugarte Mochales Elgoibarren jaio zen 1989an. Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua da eta Euskal Herriko pentsamendu kritikoari buruzko ikasketak egin ditu. Elkarrek, CAF enpresak eta Beasaingo Udalak antolatzen duten Igartza literatur-sorkuntzarako beka irabazi zuen 2012ko irailean ”Mamuak” nobela proiektuarekin. 2014ko udaberrian plazaratuko da lana. Horrez gain, ipuin bat du argitaratua Esku hori! (Txalaparta, 2012) bilduman.

 

Azkenik, Publikoaren Saria Itxaso Diaz de Arcayaren Emekiemeki blogak irabazi du Itxaso  22 urteko gasteiztarra eta Kazetaritzako ikaslea da.  Euskal hizkuntza, musika, kultura, nobela eta kontaeren idazkera nahiz irakurketak eta kazetaritza soziala maite ditu.  Besteak beste,  Asier Maia Anabitarteren "Bizi hitzak, Vidas y venidas" liburuaren epilogoa idatzi eta sinatu du, Elkar argitaletxeak 2012an argitaratua. “Buruan dauzkadan ideia anitz emeki emeki egia bihurtzen hasi nahiko nuke, eta blogak horretan asko lagundu nau”.

 

Publikoaren saria aukeratzeko parte hartu duten erabiltzaileen artean liburu sorta bat zozketatu dugu eta irabazlea Lorea Gonzalez Barbolla izan da.

 

 

Zorionak irabazleei! Eta mila esker BloGazte lehiaketan parte hartu duzuen guztioi!

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago