Elena Martinez de Madina: "Toponimia gure hizkuntza ikertzeko iturri nagusia da”

hirinet 2013ko abe. 9a, 10:09

elenamartinezdemadinaBadu Bada erakusketaren baitan, toponimian adituan den Elena Martinez de Madina gasteiztarra euskararen eta gaztelaniaren elkarbizitzak utzi dituen hitz arabarrak bereizteko tailerra ematen ari da.

Bere lana eta aurkikuntza interesgarriak ezagutu nahian, Euskaltzaindiko euskaltzain urgazlea elkarrizketatu dugu.


 

Zure azken lana ‘Toponimia IV’ liburuak Langraizko merindadean dauden herrietako 2.063 toponimo biltzen ditu. Horretarako, XIV. eta XX. mendeen arteko 70.000 leku-izen inguru bildu eta aztertu dituzu. Kopuru hauek ikusita, garai batean Araban uste duguna baino euskara gehiago hitz egiten zela ematen du…

Egitasmo honek toponimia du helburu, eta ez euskal toponimia soilik. Ikerketa egin eta gero, argi dago nagusi dela euskal toponimia. Begira, toponimoaren ‘bizialdian’, nolabait esateko, honako hauek gerta daitezke: toponimoaren desagerpena, toponimoaren iraupena, toponimoaren itzulpena edo toponimoaren desitxuratzea. Egun, oraindik ere, gure leku-izen asko euskal izenak dira, baina sarritan bestelako itxura dute, zenbait arrazoirengatik, batez ere euskararen galeragatik. Adibidez, Gometxako herritarrek Jeniturri toponimoa ezagutzen eta erabiltzen dute, besteak beste, eta leku horretan iturria dagoela ziurtatzen dute. Zer arraio da Jeniturri hori? Ba, lekuko historikoak ikertu ondoren, eta horretarako metodologia zientifikoari jarraitu behar zaio, jakina, baiezta dezakegu XVI. mendean izen hori Axariturri ‘fuente del raposo o raposos’ zela. Hortaz, gaurko Jeniturri zer da? Erdal ala euskal izena? Batek daki! Baina XVIII. mendera arte euskal toponimoa zen. Hortik aurrera, badirudi euskal izen hori gaztelaniara egokitu zela.


1996.urtean Euskaltzaindiak eta Gasteizko Udalak Gasteizko toponimia ikertzeko egitasmo hau jarri zuten abian. Zein da ikerketa honen helburua?

Proiektu honen helburua Gasteiz udalerriko toponimia historikoa eta egunekoa ikertzea eta normatibizatzea da, ahal den neurrian behintzat. Baina, adi! Hemen ikertzen denak euskal onomastikarako, Euskal Herrirako balio du. Hemen aurkitzen ditugun hainbat eta hainbat hitz, aldaera, eta abar, onuragarriak dira oso euskal onomastikaren ezagutzak aurrera egiteko.


Zein dira ikerketa luze honetan gehien harritu zaituzten aurkikuntzak? Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Harritu… kontu askok harritu eta poztu naute! Behin baino gehiagotan gure eskribauek  toponimoaren itzulpena idazten dute, adibidez “Una pieza en el término de El Rincón, y en basquenze Oquelua” (1630) edo beste hau “Orgaciburua que es termino bascongado, y en castellano significa en La Cabecera de Agua Salada el qual se hallo en devida forma” (1815); inguru honetako euskara galduaren hitz eta aldaera asko agertzen dira, esate baterako, abade, angelu, aretx, bakotx, beratza, borin, erratura, intsagur, isasi, kurtze, okelu, ogen, ortu, padura, sulgu; ugaritasuna adierazten duen -tzaia atzizkia: Mimentzaia, Olatzaia; aur, ‘aurrea’ adierazteko edo Aríñez herri izenaren euskal forma, Ariz, eta abar.


Batzuek Vitoria diote, beste batzuek Vitoria- Gasteiz, beste askok Gasteiz…  Baina nola izendatu behar dugu gure hiria euskaraz? Zein da Vitoria-Gasteiz izenaren jatorria?

Ondo dakizunez, bi izen dira, ezberdinak. 1181. urtean Nafarroako Antso VI.ak (Nova) Victoria fundatu zuen Gasteiz herrixka zegoen lekuan edo inguruan. Honela dio foruak:  “… Victoria quae antea vocabatur Gasteiz”. Gogora dezagun XI. mendean, Malizhaeza merindadean, Gastehiz herria jasotzen dela. Hortaz, argi dago, ez da hala? Gasteiz euskaraz, Vitoria gaztelaniaz, mikrotoponimian Bitoria erabilia izan dela jakinda ere, hortxe baitugu Bitoriabidea ‘camino de Vitoria’ toponimoa … Halere, 1979. urtean izen biak biltzea erabaki zen, eta Vitoria-Gasteiz izen ofizialtzat hartu zen.


Zure ikerketa lana ezagutzan eta metodo zientifikoan oinarritzen dela diozu. Baina nola egiten da lan hori, hots, nola egiten duzu hitz baten jatorria ikertzeko?

Lan hau zientifikoa da. Zergatik? Edozein  zientziatan erabiltzen den metodo zientifikoa baliatzen delako. Honek esan nahi du modu objektiboan  eta sistematikoan lan egiten dela, prozedurak frogagarria eta errepikagarria izan behar duela, eta metodo zientifikoaren faseak betetzen direla. Hots, arazo bat edo galdera  bat sortzen da, demagun arestian aipatutako Jeniturri toponimoa, eta, honen arabera, helburua zehazten da. Azken liburu honetan, Langraiz merindadeko hamabi herritako toponimia aztertzea izan dugu helburu. Ondoren, datu guztiak jasotzen, biltzen eta ordenatzen dira; Langraiz-en kasuan XIV. eta XX. mendeen arteko 70.000 lekuko bildu dira. Behin datu guztiak izanda, hurrengo faseak datoz: datuen antolaketa, ikerketa eta interpretazioa edo analisia. Azkenik, ondorioak aurkezten dira, aldi honetan 2.063 leku-izen normatibizaturik, eta bakoitzari dagozkion  lekuko historikoak (urtea, artxibategia, protokoloa, testuingurua)  deskripzioa, azalpena eta, ahal den neurrian, kokapena. Hau dela eta, Jeniturri hura Axariturri izenarekin lotzen da. Kontuan hartu behar da toponimia ikertzeko zenbait eremuren ezagutza guztiz beharrezkoa dela, filologiaz gain, historiaz, arkeologiaz, botanikaz eta abarrez baliatu behar dela. Adibidez, honako hau aurkezten da azken liburuan:


AXARITURRI

DOC. Axariturri (1587, AHPA, P. 19.893), Ajariyturri (1598, AHPA, P. 6.878), Ajariturri (1615, AHPA, P. 3.049, f. 72), Axeari yturri (1616, AHPA, P. 4.679), Ajariturri (1622, AHPA, P. 9.225, f. 57), Axariturri (1638, AHPA, P. 4.074-A, f. 699v), Axeari yturri (1647, AHPA, P. 5.855), Axariyturri (1663, AHPA, P. 4.142, f. 215v), Janiturri (1678, AHPA, P. 5.997, f. 640v), Ajanyturri (1690, AHPA, P. 6.016, f. 287v), Axar yturri (1714, AHPA, P. 313(B), f. 1.226), Ajaniturri (1723, TA), Axanyturri (1728, AHPA, P. 794, f. 303), Ajanitturri (1742, AHPA, P. 856, f. 634v), Axanytturri (1742, AHPA, P. 1.373, f. 153), Janiturri (1785, AHPA, P. 1.943, f. 70), Janiturri (1806, AHPA, P. 10.277, f. 528v), Saniturri (1842, AHPA, P. 10.064 A, f. 80v), Janiturri (1849, AHPA, P. 13.240, f. 675), Janiturri (1880, AMV, sig. 2-14-31), Janiturri (1898, AMV, sig. 02/014/033), Janiturri (1902, AMV, sig. 02/014/033), Janiturri (1922, LE), Janiturri (1939, AMV, sig. 02-14-38, caja: Gomecha), Saniturri (1939, AMV, sig. 02-14-38, caja: Gomecha), Jeniturri (1956, TA), Janiturri (1956, TA), Jeniturri (1988, CT), Jeniturri (2013, IO).

“Una pieça en termino Ajariturri que linda al camino que van a Subijana de Álava y por la ondonada con un arroyo.” (1615, AHPA, P. 3.049, f. 72).

OBS. Este topónimo está compuesto de axari, variante palatalizada de azari, variante a su vez de azeri ‘zorro’, ambas procedentes de una forma anterior azeari documentada en antroponimia (Azeari), de origen latino (asinarius ‘asnero’). Los testimonios más antiguos citan Axeariturri, Axariturri, y Ajariyturri.

Es a partir, sobre todo, del siglo XVIII, cuando se da la alternancia -r- / -n-, hasta llegar al actual, Jeniturri, con aféresis de vocal inicial, velarización de la palatal y cierre a > e por influencia de la vocal palatal. Es decir,  Axeariturri >Axariturri > Ajariturri > Ajaniturri > Janiturri > Jeniturri.

Los vecinos de Gometxa indican que hay fuente en este término.

Mapa Gometxa. n. 37


Abenduan Badu Bada Araban euskararen eta gaztelaniaren elkarbizitzak utzi dituen hitz arabarrak bereizteko tailerra eskainiko duzu. Zein da hitz horiek bereizteko tresna/metodoa? Nola jakin dezakegu hitz batek arabar jatorria duela?

Metodo berbera erabiliko dugu. Sarritan argi dago Arabako gaztelanian erabiltzen ditugun hainbat hitz euskal hitzak direla, esaterako: chori, churi, ‘pájaro’, ‘lazo para el pelo’, cil ‘ombligo’, michín ‘gato pequeño’, neque ‘cansado’… hala nola toponimian, Mendizorroza ‘mendi + zorrotz’, Basoa ‘baso +a’, Recaleor ‘erreka + lehor’, Arkaiate ‘Arkaia + ate’, Elorriaga ‘elorri + aga’, Txagorritxu ‘ etxe, etxa‑ + gorri + txo, txu’


Askotan ikertzaileen lana aspergarria ematen duela pentsa dezakegu, baina aurkikuntza berriak egitea pozgarria izango da oso, ezta?

Lan honek aurpegi ezberdinak ditu eta irtenbideak ez dira bat-batean gertatzen. Prozedura neketsua eta zaila da, baina ondorioa ontzat ematekoa lortuz gero, bai, pozik gelditzen zara. Halere, komunitate zientifikoak azken hitza daukala kontuan hartu behar dugu. Gogora dezagun nire lanak errepika daitekeena izan behar duela derrigor, lana zientifikoa baita. Honek esan nahi du beste ikertzaileren batek nik  erabilitako datuez baliatu eta prozedurari berari jarraituz gero, antzeko ondorioak edo ondorio berberak atera beharko lituzkeela.


Non bilatzen du ikertzaile batek toponimiak aztertzeko datuak? Artxiboak ez ezik, jendearen hitz egitea ere informazio iturri garrantzitsua dela suposatzen dut…

Bai, alde batetik artxibategietako dokumentazioan murgildu  eta miatu behar duzu. Baina, jakina, beste alde batetik herriz herri galdezka joan behar duzu. Herrikoak dira bere ingurukoa hobekien ezagutzen dutenak eta informazio baliagarria, batez ere lursailei buruzkoa, eskaintzen dutenak. Ikertzailearen lanetariko bat gaurko eta agirietako datuak lotzea da.


Nola murgildu zinen toponimiaren munduan?

Ikerlana beti izan dut gogoko eta egitasmo hau martxan jarri zenean Euskaltzaindiak proiektu honetan parte hartzea eskaini zidan. Hasieran, 1996.urtean, oso gutxi nekien onomastikaz. Orain, berriz, gehixeago. Eta espero dut hemendik urte batzuetara askoz gehiago jakitea. Ikerlanak aurrera doazen heinean gero eta gehiago ikasten da!


Euskara heldua zinenean ikasi zenuen, toponimia ikertzea baina zailagoa egin zitzaizun?

Ez, ezta pentsatu ere. Motibazio izugarria nuen euskara, nire arbasoen hizkuntza, ikasteko. Maistra naiz eta 22 urte nituelarik ‘EGAdun’ bihurtu nintzen. Nahiz eta ordura arte nire ikasketak zientzien arlokoak izan, badakizu, matematika, fisika, kimika, biologia, … Euskal filologia ikastera animatu nintzen eta latina, linguistika, literatura… heldu ziren. Filologia ikastearen ondorioz etorri zen toponimian ikertzea.


Zer-nolako garrantzia dauka toponimiaren ikerkuntzak euskararentzat?

Gure kasuan oso garrantzitsua. Arabako euskarazko testuak oso urriak dira, eta toponimia da, hain zuzen ere, gure hizkuntza ikertzeko iturri nagusia. Orobat, ezin da ukatu Arabako euskara, Arabako toponimia,  ahalik eta hobekien ezagutzeak zer-nolako garrantzia daukan euskara hizkuntza ezagutzeko. Eta, bukatzeko,arabar jendearen artean toponimiaren zabalkundea egitea guztiz beharrezkoa iruditzen zaidala azpimarratu nahiko nuke. Are gehiago, dibulgazio lan hau ondo bideratzeko, arabar guztiengana heltzeko, erabili behar dugun tresna –hizkuntza‑ gaztelania da.

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide