Urteroko bakarrizketa

hirinet 2013ko abe. 9a, 10:02

egutegiaBeste urte batez abendua hemen da. Iritsi da berriro ere urte honetarako ezarritako proposamenak bete ez direla jabetzeko unea. Beste urte bat, beti berdin, gogaikarria da. Hasierako ilusioa eta erronka ziztu bizian desagertu ziren, pentsa, otsailerako jada alferrikakoa nuen errege zintzo zein magikoek ekarritako ipod modernoa.

 

Kirola egiteko lagungarri izango zitzaidalakoan nengoen, bai zera, oker nengoen, ume txikien antzera lehen hilabetean berau aska ezinik ibili nintzen, ondoren baina bere kaxa politean gorde eta hantxe dago. Noizbehinka erabiltzen dut, baina ez nik erosi nuen horretarako. Egia izango da helduak izan arren beti izango garela haur.


Eta orain zer? Urteroko legez kirol erronketan pentsatu behar al dut? Zertarako? Ez dut inoiz lortzen eta… Hasi bai, baina jarraipenik ez. Hasieran, ilusioz borborka egon ohi naiz, pozik, gaurik ilunenean ere koloreak bereizten ditut, irribarrea dut une oro aurpegian, eguzki izpi batek esnatzen zaituen pareko sentsazio zoragarria dut eguna hastean, ongizate pertsonal izugarria…


Ondoren baina, beste tokietan edo sentimenduetan aurkitu behar izaten dut ongizatea: lagunetan, lanean, bizitza sozialean, familian…baina nire urte hasierako ametsean ez. Hasieran berdin dio, baina egunak, hilabeteak aurrera doazen heinean, bai, axola dit eta asko gainera, lehen egunetan sentitu eta bizitako ilusio eta mundu koloretsua botatzen dut faltan, baita aurrean nuen egunari ahalik eta zuku gehien ateratzeko gura hura ere. Baina gauza bat edo besteagatik ezin dut, ez dut indarrik, ez dut kemenik…abendua iristear dagoen arte.


Sekula lortuko ez dudan desioa ote? Baina aizu, zergatik berriro ere aurten ez saiatu? Ez al du beste behin saiatzeak merezi ongizate eta desio zirraragarri hori bizitzeko?


Egilea: Mikel Villarrolain

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide