Glaukoma: "Japoniako bira esperientzia berria izan da taldearentzat"

hirinet 2013ko abenduaren 4a

glaukomataldeaGlaukoma Rap-Reggae talde gipuzkoarrak kaleratu du bigarren diskoa, lehenengoa atera baino urte eta erdi beranduago. “Vol 2.” izeneko lana, zazpi abesti berrirekin dator soinu ilunago, indartsuago eta landuago batekin.

 

Zer moduz joan da diskoaren harrera orain arte?

Oso ondo, harrera ederra izaten ari dela uste dugu. Dirudienez jendeari kantak gustatu zaizkio eta alde horretatik oso pozik gaude. Gertukoenek behintzat oso begi (edo belarri) onez hartu dute diskoa eta guretzako hori oso garrantzitsua da.

 

Zein gai jorratzen dituzue disko honetako letretan?

Aurrekoan bezala, denetik dago. Badaude sistema erreproduzitzeaz arduratzen diren komunikabide eta figura mediatiko ezberdinei egindako kritikak, igande bateko resaka gogor horietako baten inguruan ere badago kanta bat, gure buruaren barnealdeari begiratzen diogu beste abestiren batean, kultura autogestionatua sortu eta mantentzeko lana egin duen jendeari omenaldi bat... Denetik dago egia esan. 


Zein influentzia mota aurki ditzakegu disko berrian?

Orain arte nabarmendu diren rap eta reggae estiloak jarraitzen dute gure ardatz nagusi izaten, baina disko honetan beste azpiestilo batzuetara jo dugu, hala nola drum&bass (edo jungle) eta zenbait kasutan dupstep erritmoren bat ere. Orokorrean, diskoa ilunagoa dela esango nuke, gitarra "pedal" eta efektuek protagonismo handia hartu dutelako.


Musikalki aldaketa dezente egon da VOL 1 albumarekin alderatuta. Lehenengoarekiko jarraikortasuna dauka bigarren diskoak? Hala baldin bada, non ikus dezakegu jarraikortasun hau?

Badauka jarraikortasuna, ez da erabateko aldaketa bat egon. Dancehall, rap eta reggae erritmoak hor daude, baina uste dut eboluzio bat egon dela, soinua potoloagoa eta indartsuagoa (ilunagoa ere bai) delako. Hala ere, aurreko diskoan ez zeuden elementu batzuk sartu ditugula uste dut, baina beti abesteko rap eta raggamuffin estiloetara hurbilduz, estilo horiek erreferente gisa edukita.


Zergatik erabaki duzue aldaketa musikal hau egitea VOL 1eko estiloak publikoarengan funtzionatu egin bazuen?

Esan dudan moduan, aldaketa egon da, baina ez dut uste mozketa bat egon denik aurrekoarekin. Uste dugu vol.2-a eboluzio baten beste geltoki bat dela, beste urrats bat. Guretzako ezinbestekoa da gauza berriak probatzea eta orain arte jorratu gabeko erritmo eta estiloak interpretatzen saiatzea. Azken finean rap eta reggae munduan azpiestilo mordoa dago eta saltsa horretan ibili nahi dugu, aipatu bezala hasieratik hartutako oinarriak ahaztu gabe.

 

Japonian egon zarete orain dela gutxi. Nola izan zen Japoniara jotzera joango zinetela jakin zenuten momentua?

Ez zen bat batekoa izan, denbora tarte bat igaro zen ideia okurritu eta hegazkin bileteak erosi genituen arte. Oso pozgarria izan zen bira errealitatea bilakatuko zela jakitea.


Zuen letrak zuen musikan hain garrantzitsuak izanda zer nolako harrera dauka Glaukoma moduko talde batek Japonian?

Ez dugu hizkuntzaren muga nabaritu (kontzertuetan behintzat). Aurkitu dugun ikuslegoa oso ikuslego irekia izan da eta kontzertu guztietan dena eman dute aurreneko minututik azkeneraino. Letrak oso garrantzitsuak dira, baina ez da ezinbestekoa letra ulertzea musika talde bat gustoko izateko. Guk geuk ere musika asko entzuten dugu abesten ari direna ia ulertu gabe.


Espero zenuten honelako harrera?

Lehenago bertan egondako taldeekin hitzeginda joan ginen eta nolabait espero genuen ikuslego japoniarraren jarrera, baina egia da bertan egon arte ez duzula errealitatea ezagutzen eta, alde horretatik harritu gara. Aurkitu ditugun sorpresa eta ezusteko guztiak oso positiboak izan dira.


Zein modutan aberastu zaituztete talde moduan Japoniako egonaldi honek?

Esperientzia berria izan da taldearentzat eta partaide guztientzat, alde guztietatik. Inoiz horrelako bira bat egin gabekoak ginen eta astebetez egunero kontzertu bat ematea erronka bat izan da. Bestalde, Japoniarrekin igaro ditugu egun guztiak eta beste kultura eta balore sistema bat daukan pertsonekin bizi izan gara egun batzuetan. Alde horretatik uste dut burua irekitzen lagundu digula eta egunero izan dugu ikasteko zerbait.


Disko berriaren Tour-a amaitzen ari da, non eta noiz ikusi ditzakegu Glaukomaren kontzertuak?

Bukatzen ari da 2013ko kontzertu zerrenda, baina vol.2-arekin askoz kontzertu gehiago ematea espero dugu. 2014an ere emango ditugu kontzertuak, ahalik eta gehien. Hauek dira oraingoz lotuta dauzkagunak (denak 2013koak): Abenduaren 6an Gora Tabernan, abenduaren 7an Ahotsenean (Durango), abenduaren 26an Arrasateko gaztetxean eta abenduaren 28an Hatortxu Rock-en (Atarrabia).


Zer duzue pentsatuta egitea Tour-a amaitzerakoan?

Oraingoz kontzertuak jotzeko asmoa daukagu, ez dakigu noiz arte. Ez gara ezertan pentsatzen ari, nahi duguna da kontzertuak jo eta jo eta jo...

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago