EUSKARAK 365 EGUN, Ibilian, ibilian... Atzerapausurik EZ

hirinet 2013ko abenduaren 4a

Euskararen nazioarteko eguna ospatzen den honetan, Gasteizko euskalgintzako hainbat eragilek, Euskarak 365 egun ekimenarekin bat egiteaz gain, honakoa plazaratu nahi dugu.

Joan den azaroaren 29an, Gasteizko Udaleko osoko bilkuran, Gasteizko Euskalgintzak herritarren txanda eskatu zuen, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) eta udal gobernu taldearen aurrekontu proposamenaren inguruan bere iritzia plazaratzeko. Hemen jasotzen da hitzez hitz bertan esandakoa.


Gasteizen, euskararen erabilera NORMALIZATU baten alde lanean ari garen talde eta elkarteok beste behin, gure kezka eta larritasuna adierazi nahi dugu. Alde batetik Euskara Kontseilua berreskuratzeko ahaleginik egon ez delako eta bestetik, 2013a amaitzear dagoela, aho batez eta gehiengoaren adostasuna lortu duen Euskara Biziberritze Plan Nagusia (EBPN) oraindik ez delako onartu, are gehiago, Udal Gobernuak blokeatu egin duelako.


Gainera, euskararen inguruko 2014. urteko aurrekontuak ondorio latzak ekar ditzakeela uste dugu, izan ere, hainbat hitzarmen desagertu egin dira eta beste batzuk larriki murriztu. Urtero euskararen inguruan lanean dihardugun eragileok estutasun ekonomiko bera (babes instituzional eza, alegia) pairatzen dugu eta hori onartezina da.


Euskara Gasteiztar guztion ondare pertsonal eta kolektiboa da, guztion onura eta arazoa delarik. Sigla politikoetatik haratago doan zerbait, zeharo babestuta egon behar dena. Ezinegon hori agertu diegu oposizioko talde politiko guztiei eta udal gobernu taldeari ere agertzeko asmoa genuen baina arlo horren ardura duen zinegotziak ez du erantzunik eman gure bilera eskaeraren aurrean eta ondorioz alkatearekin egin dugu bilera eskaera, azken honen erantzunik ere ez dugu jaso.


Gauzak honela ondorengoa adierazi nahi dugu.


- 2013an, 2013-2017 epealdirako EBPN berria landu eta onartu genuen, Gasteizko udaleko euskara zerbitzuarekin eta hamarnaka eragilerekin batera. Urtea amaitzera doan honetan ordea, udal gobernu taldeak oraindik ez du onartu eta beraz epealdia dagoeneko 2014-2017 izango da.

- Aurrekoarekin lotuta, Gasteizen euskararen normalkuntzan aurrerapausoak emateko ezinbesteko tresna bezala ikusten dugu EBPNa eta berau garatzen ordu asko eman ditugu. Adostasun maila zabala lortu du, normalean euskararen inguruan biltzen garen eragileotatik haratago. Hala ere, EBPNa behar bezala garatzeko, derrigorrezkoa da aurrekontu bati lotuta joatea, garapen hori ekonomikoki bermatuko duena eta 2014 urterako Gasteizko udal gobernu taldeak aurkeztu duenak ez du inondik inora hori bermatzen. Are gehiago, hitzarmen oso garrantzitsuak bertan behera utzi edo murrizten ditu, esate baterako, Bertsozale Elkartea, Euskharan edo GEU elkartearenak. Eta Gasteizerako aurkeztutako 340,2 milioi euroko aurrekontu osoaren %0,26 besterik ez da Euskara Zerbitzura bideratzen dena, hau da, 897.232 €. 2013 urtean baino %25 gutxiago.

- Era berean, Euskara Sektore Kontseilua EBPNaren eta orokorrean Gasteizko Udalaren hizkuntza politikaren jarraipena egiteko oso baliagarria dela iruditzen zaigu. Beti ere, edukiz hornitu eta barne araudia errespetatzen baldin bada. Euskalgintzako eragileok ez gaude inoren kontra jotzeko, euskararen alde lan egiteko baizik eta elkarlanerako prest gaude, EBPNa garatzeko orduan izan garen bezala. Baina elkarlanak bi norabide ditu eta momentuz Euskara Sektore Kontseiluan hori ez da horrela izaten ari.

Eta udal gobernu taldeari eta alkateari galdera zuzena egiten diegu


- Udal gobernu taldeak eta alkateak aurkeztutako 2013-2017 EBPNa onartu eta berau garatzeko aurrekontua bermatzeko konpromisoa hartuko du? EBPNa eta horri lotutako aurrekontuaren exekuzioa bermatuko ditu? Exekuzio horren jarraipena eta ebaluazioa egiteko Euskara Sektore kontseilua tresna egokitzat onartuko du? Eta ondorioz Euskara Sektore kontseiluaren inguruko hausnarketa bat egiteko prest daude, benetako tresna parte hartzailea izan dadin?

Udal gobernu taldearen aldetik ez zen inolako erantzunik jaso egindako galdera zuzenen aurrean eta aurrekontuen negozioazio orokorrean kokatu zuten euskara arloa ere.


EAJ, Bildu eta PSE oposizioko alderdien babes osoa jaso genuen. Azken hiru talde hauek aurkeztutako mozioa beraien aldeko bozkarekin eta PPren kontrako bozkarekin aurrera atera zen. Hoan hemen mozio horretan jasotzen zena.

1- Aurrekontuen inguruan, Euskara Zerbitzuak diseinatutako laukia eranstea, bakoitzari dagokion ekintzen exekuzioa eta diru kopurua egokituz. Oinarria 2013. urteko aurrekontua izango da. EBPNa onartua izateko Udaletxeko Bilkurak 2014. urtetik 2017. urtera (biak barne) bitarteko aurrekontua zehaztu beharko du (honekin konprometituz).

2- Programatutako ekintzen egutegia.

3- Planaren exekuzioan aurrezpenik bada, dirua hurrengo ekintzetara bideratuko da lehentasun eta egutegiaren arabera.

4- EBPNaren inguruko moldaketa posibleak Udal Talde eta Euskara Kontseiluaren artean onartuta egon beharko dira.


Beraz, argi gelditzen da Gasteizko udalean agintean dagoen talde politikoak  eta alkateak euskarari ematen dion garrantzia, kromo trukaketa soil baterako baliabidea besterik ez da beraientzat. Eta euskararen nazioarteko eguna ospatzen dugun honetan egingo dituzten agerpen publiko, konpromiso huts eta zurikeriek beraientzat inolako garrantziarik ez dutela azpimarratu behar da.


Guk gure aldetik lanean jarraituko dugu, elkarlanerako prest agertzen diren erakunde eta eragile ezberdinekin bat, Euskarak 365 egun behar dituelako eta ez soilik bakarra.


Gasteizen, 2013ko abenduaren 3an

Egileak: IKA, AEK, UDABERRIA ETA HEGOALDE EUSKALTEGIAK, ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA, EUSKHARAN KULTUR ELKARTEA ETA GEU GASTEIZ EUSKALDUNA ELKARTEA

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago