Esnegorriak atera dira azkenik

hirinet 2013ko abenduaren 4a

esnegorriaHobe berandu... Udazken eskasa izan dugu perretxikoei dagokienez Araban, baina badirudi orain arte sortu ez direnak orain jaioko direla, hotz gehiegi egiten ez badu.

 

Mendiko angulen sasoia bikaina izan dela esan genuen aurrekoan, baina ez hainbeste gainerako perretxikoena. Hala ere, badirudi orain, abenduan, lurzoruko mizelioak mugitzen hasi direla eta beste perretxiko mota batzuk ere hartzeko aukera izango dela aste pare batez, izozteak iritsi baino lehen.


Gaurkoan esnegorriez arituko gara. Hortik zehar "niskalo" hitza ere entzungo duzue, baita batzuetan "robelloi" ere (katalanezko "rovelló" hitzetik datorrena). "Lactarius deliciosus" oso arrunta da gure basoetan, baina batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan hartzen du jendeak, hango pinudiak habita egokia baitira espezie honentzako. Araban pinudiak dauden ia toki guztietan har daiteke: Trebiñun, Kuartangon, Gorbeia inguruko edozein pinuditan...


Kontuz ibiltzen bagara ez da identifikatzeko zaila, bere euskarazko izenari jarraiki: "esnea" jariatzen du txapela edo orriak apurtzen direnean (gutxixeago hanka apurtzean), eta esnearen kolorea gorrixka-laranja da. Badaude antzekoak diren beste espezie batzuk, horietako zenbait pozoitsuak izan daitezkeenak, baina esne zuri edo horia ekoizten dute normalean. Esne gorrixkadun espezieak jangarriak edo ez pozoitsuak dira. Laranja koloreko perretxikoa da, txapelean laranja ilunagoak diren orbantxoak dituena. Hanka ere laranja da, eta perretxikoak handiak egiten diren heinean hustu egiten zaie barrutik, hodi baten itxura hartuz. Zaharrak direnean laranjaren ordez kolore berdeagoa hartzen doaz.


Esnegorriak irailaren bukaeran eta urrian sortzen dira eguraldi baldintza normalak izaten diren urteetan, baina aurten, irail eta urri lehorra izan ditugunez, ez dira azaroaren azkenera arte agertu.


Jateko oso estimatua da zenbait tokitan, eta dendetan eta Azoka Plazan saltzen den perretxikoetako bat da; gurean lehen maila osatzen duten perretxikoen artean kokatzen dugu, baina gehienek ez dute onddoen, udaberriko zizaren edo mendiko angulen maila berean sartzen. Normalean berakatzarekin eta perrexilarekin frijituta edo labean eginda prestatzen da.


On egin!


Egilea: Asier Sarasua

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago